AbainGoardia











{2010/12/12}   Patxa

Patxa

Besta bai, borroka ere bai

Eneko Bidegain

ISBN 978-2-913842-58-8

268 orrialde

2010eko Abendua

Gatuzain

Beno, epealdi txiki baten ondoren zauriak garbitzen eta beste kontutan lanpetua (Durangoko Azoka…), bueltan nator berriz ere gauzak kontatzera.

Orain urtebete Tomas Pellicerren FRAP taldeari buruzko eleberriaz aritu nintzenean estatu espainiarrean zein Euskal Herri osoan izandako talde armatu ezberdinen inguruko birpasa literarioa egin nuen, non besteak beste Eneko Bidegainen Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia aipatzen zen.

Liburu biziki interesgarria, Iparraldeko erakunde armatu nagusiaren ibilbidea zeharkatzen du, 1973an Bankan egindako lehen ekintzatik Lizarra-Garazi ondorengo azken ekintza eta Ildo agerkariaren azken zenbakiraino, non egileak lan polita egin zuen historia jasotzen, ekintzen kronologia zehatza osatzen eta bereziki IKren historian protagonismoa izan duten pertsonaiei elkarrizketak eginez.

Frantsesezko edizioa eskuratu nuenean (bide batez, laster Txalapartak gaztelerazko itzulpena behingoz argitaratu behar duela iragartzen dizuet) Enekoren fitxa irakurtzean ohartu nintzen Patxa mugimenduari buruzko liburua osatu behar zuela eta gogoekin geratu nintzen.

Durangoko Azokara heldu berri zitzaien Gatuzaineko adiskideei eta han pasa zizkiguten kopiak.

Patxa Baiona Ttipian bihotza zuen gazte mugimendua izan zen, 80. hamarkadako rock mugimenduak pizturiko bulkadek animatua eta aire berriak ekarri zizkiona Iparraldeko gazteriari zein abertzaleei. Ordura arteko abertzaleen borrokei (euskara, turistifikazioa, nekazaritza…), gazteek pairatzen zituzten beste hainbat borroka erantsi zieten (intsumisioa, okupazioa, feminismoa, langabezia, begetarianismoa…), modu autonomoan funtzionatuz batzarren bidez. Euren piurak ere oso bistakoak ziren garaiko jendearentzat, oso modernoak eta nekazal mundu kristauarekin loturarik ez zituztenak.

Liburuak Patxa taldearen zortzi urteak hartzen ditu. Lehen begiradan gogora ekarri dit Jtxo Estebaranzek idatzitako Tropikales y Radikales liburua, ez soilik edukiagatik (biek euskal mugimendu autonomo ezberdinen analisia egiten dute, Jtxok Hego Euskal Herriko talde autonomo ezberdinek egindako borrokak zenbatzen ditu, Enekok talde bakarrarena eginez), baita egituragatik, biek halako hausnarketa bat egiten dutela baitirudi, ondoren garaiko materialak erantsiz. Sakontzen duzunean bien arteko ezberdintasunez ohartzen zara.

Ez diot inongo meriturik kendu nahi Eneko Bidegaini, azken finean informazioa guztia biltzea, fanzine, aldizkari eta abarretako artikuluak topatu, kopiatu (kasu batzuetan euskaratu eta beste batzuetan egungo euskarara egokitu), jendea aurkitu eta elkarrizketatu, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina IKren liburuaren egitura gehiago gustatu zitzaidan. Bertan egileak parte hartzen du irakurketan, saiakera bat egiten du azkenik. Patxaren liburuan ordea, egilearen parte hartze zuzena atzematen da aitzin solasak dituen bost orrialdeetan, eta 1985-1994 urteetako orrialde bat edo gehienez bi orrialdetako sarrera eginez, ondorengo eranskinen testuinguruan kokatu ahal izateko. Ordutik aurrera urte bakoitzari dagozkion eranskin zein elkarrizketak topatuko ditugu. Horrek egiten du batetik oso bizkor irakurtzea, eta bestetik, nire kasuan behintzat, gogoekin geratzea, gainera zenbaitetan pentsatzen dut ez duela Patxaren testuingurua behar bezala hausnartzen, barnean zen giroa, beste taldeekin zeuzkaten harremanak eta abar; esaterako, neuk faltan dut aurrekarien aipamena, pentsatzen baitut Laguntza taldeak (1981 aldean sortua Hordago talde armatuaren presoen sustengatzeko hasieran) eragina izan zuela Patxako kideengan, beraiek ere okupazioak bultzatu baitzituzten, eta Patxako zenbait militante Laguntzatik etorri zirelako ere; bultzatutako borroken testuek egindakoa zenbatzen da liburuan, eta listo.

Hala ere balio du Iparraldean, kostaldean bereziki, gazteria berpiztu eta haietako asko euskal mundura borroka deigarri berriekin sartzeko balio izan zuen talde berriztagarri hau ezagutzeko. Deigarria.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: