AbainGoardia











{2010/12/17}   Txinaurriak, Mikel Laboari ikasitako kantuak

Askoren artean “Txinaurriak, Mikel Laboari ikasitako kantuak”

2xLP+2xCD/2xCD, 2010

Bidehuts

Ematen du azken boladan Bidehutsek erosi nauela, Lisabören diskoa aipatu berri dut, beste hau dut orain mintzagai eta laster Willis Drummondez ariko naiz. Baina zer egingo zaio, bloga ireki nuenean agindu nuen oparitzen didaten oro aipatua izateko eskubidea duela, eta Irundarren diskoa soilik jaso ordez zur eta lur geratu nintzen Txinaurrien bikoitza oparitu zidatenean ere biniloan. Esker anitz Eneko!

Beno, hemen arrisku handia duten erronka horietako baten aurrean topatzen gara. Nola lortu Mikel Laboa, euskal belaunaldi askoren ezinbesteko izandako gizonari omenaldia egitea bere kantuen bidez eta onik atera? Suposatzen dut batetik gustu handia izan behar dela kantuak berregitean eta bestetik moldatzen duzun kantua ongi hautatu, klasikoenak hautatzen badituzu oso erraza izango baita jendeak zure kontra egitea proposamen apartekoa bada.

Bidehutseko jendea Laboaren ikaspenetatik edan duen jende multzoa da eta irakaslearen heriotzaren bigarren urteurrena betetzen denean omenaldi honekin datorkigu. Emaitzak iritzi ezberdin jaso ditu jada. Nik entzun dut batere gustatu ez zaienaren aipuak (eta nire adineko jendeaz ari naiz). Niri gustatu zait orokorrean (aurkezpenean sartu gabe), baina nire ustez badu bere aurkako puntu bat: luzea, oso luzea egin daiteke, ordu t’erdi inguru irauten baitu.

Esan behar da diskoak behintzat ildo bati jarraitzen diola: musika estilo nagusi dira, Irun eta Hondarribia artean egin ohi den musika propioa, eta esperimentaziora jotzen duten zenbaitzu, salbuespenak salbuespen.

Diskoaren lehen aldea (edo lehen CDaren lehen bost kantek) nahiko ongi prestatu dute Bidehutsen jendea katigatzeko. Bildumaren hautu onenetakoa da nire ustez Willis Drummond taldeari, azken bi urteetako ezusteko onenetakoa, irekitzen uztea “Gaztetasuna eta zahartasuna” kantu ederrarekin. Orijinalarekin konparatzen badugu antzekotasun ugari aurkituko dizkiogu, eta aldi berean bereizitasunak. Orijinalean xirula batek sarrera gozoa egiten bazuen, oraingoan gitarrek sorturiko akoplatzeek baxuaren sarrera potoloarekin giro gozoa baino beldurgarri eta hunkigarria egiten dute, ordutik tempo erdiko erritmoan sartuz abeslariak lortzen du oso lan txukuna egitea (ona hobeto esanda) hain letra ederra kantatzen, eta supituan amaitzen da, gehiagoren gogoz (zuzenekoetara joan segituan!).

Hotel taldeak Miren Izaren laguntza du “Não es tu, faculdade de sentir” kantu gozo bat egiteko, izenburuak proposatzen digun fado batetik gertu.

Berri Txarrak hirukotearena erabat bitxia egin zait. Ez dute haiek ematen. Haiek dira, Gorkaren ahotsa hor delako (zeinen esker oroitzen dugun Laboaren “Liluraren kontra” kanta egiten ari dela), baina Berri Txarrak baino, beste talde bat entzun dut kantan: Dut. Eta ez dut esaten kantu hau Galder Izagirre, Kuraia eta Duteko bateria ohiaren lehen grabaketa izateagatik BTXekin. Bateria hor da, bai, baina sekula ez diot hirukoteari horren baxu potoloak aditu eta amaiera erritmoa hondarribiarrena ematen du lekunberrikoena baino

Xabier Montoia beteranoak Mikel Laboaren esperimentaziorako nahien lehen zertzeladak ematen dizkigu “Xoxo beltza” eginez. Orijinala bezain bitxia.

Zura taldearen moldapena izan da gehien gustatu zaidanetakoa eta honek ere beste talde bat ekarri dit gogora. “Haize hegoa” kantuari bizi berria ematen diote azken garaietan bossa-nova jotzen ari diren neska-mutil hauek, Nerea abeslariaren ahots eztiak Laboaren doinuari erakargarritasun gehiago ematea lortzen duela. Eta hortik datorkit konparazioa, une batzuetan, are gehiago amaieran, gitarra elektrikoa sartzen duten unean, Vision Tunel adiskideak oroitzen baitizkidate piloa eta imajina nezake Pep4 Nerearen tokian kantatzen (ez litzateke euskaraz arituko zitekeen lehen aldia…).

B aldean topatuko dugu Amodio eta “Baga biga higa”. Ezustekoa izan da, taldea, oroitzen dudanaren arabera Lisaböko Javik sortu zuen atzerrian zenean (disko bat kaleratu zuten Metak disketxearekin). Orain itzultzen zaigu eta ikusi ditudan argazkien arabera zuzenekoak ere ematen ditu. Soinua? Oso Lisabö egiten zait (barka, baina alderatzea ekidinezina da).

Anariren kasuan ezin dezaket esan gustatzen zaidanik. Disko onak egin ditu, baina, sentitzen dut, azkenak ez dit gauza handirik esan eta “Aintzinako bihotz” abestia luze egiten zait.

Dilistak bildumako bi talde ezezagun edo “berrietako” bat da. Kakotxen artean jartzen dut taldeetan jende ezaguna aurkituko dugulako. Hementxe bi musikari nahikoa ezagun aurkituko ditugu, Xabi Strubell (Dut, Zura) eta Okene Abrego (BAP!!, Inoren ero ni), eta baita Hedoi Etxarte idazlea biolina eta teklatuari ekiten. “Negu hurbilak” kantuak halako jam session bat oroitzen dit, jazz zipriztinak…

Akauzazte Danokekin lehen aipatzen nuen arriskua topatuko dugu. Zer gerta daiteke musikari handi baten kanturik handienetakoa (handienetakoa ez bada) moldatu eta erabat berregiten duzunean? Erantzunak bipolarrak izanen direla. Edo gustatuko zaizu, edo gorrotatuko duzu. Zarata multzoa entzungo dugu eta denbora luzeren ondoren Artzeren hitz ederra. Ez naiz ezagutzen dudan lehena kantua salto egiten duena.

C aldea (edo bigarren diskoa) beste kantu ikusgarri batekin hasten da, Ama Say bizkaitarrek egiten dutena, Xanpe (Pi L.T.), Txap (Lisabö) eta Maite Arroitajauregirekin (Mursego) egina. Ezin ederragoa, “Ama hil zaigu” berrasmatzen dute, musika klasikoa eginez ia (biolontxeloen presentzia erabatekoa da). Kantu itzel honek badu arrisku bat: ez dela benetako Ama Say. Ia ez du eta Toporen ahotsa oroitzen (oso ongi egiten badu ere). Ez da beraiek egiten duten estiloa eta horrek sor lezake ezagutzen ez duen jendeak okerreko inpresioa hartzea haien partetik (beste gauza bat espero dutelako) eta horren ongi ez uztea (nahiz eta disko ederra atera berri duten). Kantu bikaina da benetan, baina arrisku hori du. Egizue ideia:

Ruper Ordorikak kantu ederra egiten du, “Gure bazterrak”. Musikari trebeekin giro ona sortuz bere ahots sakona sartu eta ia ez da ezberdintzen Laboaren doinu orijinaletik (beno, Laboaren ahotsa ozenagoa zen), baina bai pentsa litekeela Ruperren kantu propioa dela.

Lisabök kronologikoki kantu modernoena egiten du, 2000ko “Gure hitzak”. Zuzen aritzen dira, baina ez didate ohi bezala zirrara sortu.

Gabon Caligula bigarren talde “berria” dugu. Laukotea, baten izena ezagutzen dut (Baxi Ubeda), eta bigarrenari buruz (Aida Torres) galdetu beharko dut, Lisaböko bateri joleetako bat izan zela uste baitut. Harira. Ia instrumentala, perkusio ugarirekin, giro ederra egiten du, gehiago ahotsak emeki oihu egiten hasten direnean. Diskotik nabarmentzen zaidan beste kantuetako bat.

Inoren ero ni andoaindarrekin gertatzen zaidana da ez nautela erabat hartzen eta post-hardcore doinu onak eginda eta Okeneren betiko presentziarekin ere ahotsetan, ez nau emozionatzen.

Atom Rhumba itzuli dira eta “Lizardi” egiten dute. Halako tango moduko bat egiten dute Roberren bolumen gorabeherekin. Ez zait gustatzen.

Gora Japon inprobisatzaileek “Bedeinkatua” nolabait erdibitzen dute. Intro bitxi bat egin eta orduan hasten dira kantu propioarekin erritmo oso trinkoen erdian berriki zenduriko Xabier Leteren hitzak jaurtitzen.

Audiencek beren estiloari jarraituz countrytik gertu den kantua oparitzen digute “Lili bat” moldatzean.

Borrokanek “Komunikazioa-inkomunikazioa” omentzen du. Hasieran pentsatzen nuen “arraioa, nola egin behar dute hamasei minutuko zorakeri eder hura?”. Ez nuen abeslaria imajinatzen zozokeriak esaten Mikel bezala (orijinala entzunez berak Chiquito de la Calzada asmatu zuela pentsatzen dut irribarre batekin), nola nahastu ondoren Atahualpa Yupanquiren “Mi carreta” eta dena irabiagailuan sartu. Beraiek azkenik egiten dutena da tarteko musika berrasmatu eta bertan abestu. Emaitza ona egiten dute.

Bilduma bi talderen arteko kolaborazioak ixten du, Mursego eta Eten. “Zaude lasai”. Emaitza bitxia, eklektikoa akaso, nahastura asko egiten dituelako inon sartu gabe bereziki, baina ahotsetan bai lortzen dutela jendea erakartzea.

Musika aldetik diskoak emaitza nahikoa ona ematen du, kantu nabarmengarri batzuk, eta beste zenbait on. Baina hemeretzi talde dira azkenik eta askok ziur beharko dute atalka entzun.

Bildumaren beste arrakastetako bat aurkezpena izan da, are gehiago binilo edizioan. Irudiak bildumarako propioki egin dira, harrizko arrosa modukoak azalean letra eder batekin bataiatzen dutenak diskoa. Barnean Martxel Mariskalen testu bat topatuko dugu, Mikel maisuari zuzenduriko haurtzarotik honako bizipen ederrak eta besteez apaindua.

Binilo edizioa ikusgarria da, benetan. Gatefold karpeta egin dute, baina ez bikoitza, hirukoitza! Kolore bizian inprimatua, karpetaren kontrako aldea erabiliz ukimenean zirrara ezberdina sortzeko, biniloen estalkiak kartoizkoak dira azalaren ezaugarri berdinekin, eta biniloak propioki zuriak dira eta pisu handikoak (ehun eta laurogei gramo bakoitza). Eta CDak dakartza opari ere. Emaitza horren ikusgarria izan da, binilozko edizio osoa Durangoko Azokaren lehen lau egunetan saldu zutela (aurresalmentan ehun inguru salduak zituzten eta beste ehun saldu omen zituzten egunero Durangon, hori bai marka!). Eta ez dute berrargitaratzeko asmorik (egin beharko lukete aukeran ene ustez). Beraz diskoak bildumazaletasunaren lukurarien eskuetan erortzeko arrisku serioa izango du. Eta gainontzekoak konformatu beharko dira CD bikoitz formatuarekin (ederra ere, baina ez horren ikusgarria).

Bide batez, omenaldi txiki honekin neuk ere agurtu nahi dut Mikel Laboa handia, zu zara zu irakasle, orain eta beti. Neuk disko honetan azaltzen ez den kantua eskaini nahi dizut, zure ahots zoragarriarekin (neu oraingoz ez naiz ausartzen), “Kantuz”. Guztiok zeu gogoratuko zaitugulako kantuz.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: