AbainGoardia











{2010/12/26}   Elfo Negro, Willis Drummond eta Crickbat, La Kelo Gaztetxea 2010-12-18

La Kelo Gaztetxea

2010-12-18

Crickbat + Willis Drummond + Elfo Negro

Baneuzkan Willis Drummond berriz ere ikusteko gogoak, azken bi urteetako ezustekorik onenetakoa emateaz gain gure artean (ene aburuz, noski), irailaren 4an ikusi nituen Urruñako Bestetan, eta oso ongi aritu ziren, baina giroa ez zen talde honen modukoa. Santurtziko Gaztetxean eman behar zuten kontzertuaren zain nintzen, argi baitago beren zuzenekoa toki txikietan izerdi artean gozatzeko egina dela. Eta ez zidaten huts egin, nahiz eta zoritxarrez ez nuen Urruñan nuen konpainia bikaina, haren begirada apalaren indarrak bere baitan murgildu eta itotzeko gogoak sortzen dituen konpainiarena, alegia. Baina hori oso bestelako kontua da…

Ez nintzen garaiz heldu kontzertura, Crickbat hasiak ziren jada eta beren abiada bizi eta ostia txarreko hardcorearen zirkua martxan zen. Neuk zenbait lagunen berri ez nuenez aspalditik (edo alderantziz, gainera, haiek nitaz kezkatuago ziren ni haietaz baino), haiekin pasa nuen berriketan Gaztetxearen sarreran Crickbatek jo zuen artean (barka beharko nau Albertok).

Amaitu zutenean lehen lerrora mugitu nintzen, Elfo Negroko adiskideek esan baitzidaten aurreko gauean beraiek jo zutenez Willis Drummond baino lehenago (Markinan jotzen aritu ziren ostiralean Xarma taldearekin batera), Baionarrek bien arteko ordena aldatzea proposatu zutela. Bitxia egin zitzaidan, baina ez deigarria, sarritan ikusi izan baitut umiltasun hori.

 

Willis Drummond

Kontzertua amaitu ostean askok txantxak egin zituzten Baionarren emanaldiaren inguruan. Luismik “banituen Fugazi behingoz ikusteko gogoak” zioen. Eta ez zitzaion arrazoia falta. Laukoteak gainera horren inguruan egin omen zuen trufa, Lopezek baitzioen beren burua aurkeztu zutela erranez, “Gabon, Willis Drummond gara eta Baiona D.C.-tik gatoz”. Deskarga Bidehutsekin ateratako izenik gabeko lehen disko horren hiru kantekin eman zuten (beren diskografiako bigarrena, aurrena beren kabuz argitaraturiko Anthology baitugu), zuzenak, Punk-rocketik ere gertu direnak, Post-Hardcorearen doinuak erroak izanik. Ondoren kantu bat aurkeztu zuten esanez heldu den urtearen hasieran kaleratzeko asmoa duten lan berriaren kantuetako bat bezala. Bikaina, luzea, oso luzea, eta indarrez betea. Ez dut oroitzen kantu hau edo beste bi kantu berrietako bat izango zen, baina hauetako kantu oso luzean hasiera geldo eta bi minutu ingururen erritmo biziaren ondoren amaiera geldo berri bat topatzen dugu, oso errepikakorra eta Post-Hardcoretik baino sludgetik gertuago sumatzen nuen. Deskargak jarraitzen zuen, Anthology diskoko kantu pare bat egin zituzten eta BH-ren diskoko kantu onenetakoak (jendeari zirrara sortu zitzaion “Nun daude” bikainarekin). Ordu bete inguru aritu ziren ezin hobeki, benetan ona, aho bete hortz utzi zuena jendea eta amaitu zutenean gehiagoren eske utzi zuen. Ez zuten kantu gehiago egin, denbora falta omen zen eta Elfo Negrori utzi zioten bidea. Pena benetan, ez baitzuten egin gogo gehien sortzen zizkidan kantua, Mikel Laboaren “Gaztetasuna eta zahartasuna” moldapen bikaina (ostiralean egin omen zuten). Hurrengo batean izan beharko… Hala ere, haien zuzenekoaren ideia izan dezazuen, hona hemen Bidehutsekin kaleratu duten zuzeneko diskoko “Nun daude bikaina:

 

Elfo Negro

Elfo Negrok gaua ia etxean jokatzen zuen, La Keloko jendea oso jarraitzaile leiala baitute (gure harridurarako, Pateandoren kontzertuetan lehen lerroetan ibiltzen ziren sarritan), eta adiskide asko bildu ginen. Arangoitiarrek beren Punk-rock deskarga egin zuten hobekien dakiten modura: Vitesse bikaina ia osorik eginez, tartean Margenes diskoko kantarik onenak txertatuz (“Besame”, “Disparos” eta “Busco veneno”). Albertok bateriarekin “Kamiseta trapu bat da!” himnoaren lehen kolpeak ematen hasi zenetik jendea dantzan ikusten hasi zen lehen lerroan, bultzadak, moshak, baita zenbait pertsona hegan egiten, Marti abeslariak doinuak jaurtitzen zituen artean, Barrioren astinaldien eta Pose eta Daviden jotzeko modu zorrotz eta dotorearen artean. Kontzertua bizkor iragan zen eta okertzen ez banaiz, bisetan Münsterlanden bertsioa eta beren lehen diskoko kantu bat egin zuten (urteak zeramatzaten arangoitiarrak disko hura gogoratu gabe).

Kontzertu nahiko ona, irribarre batekin joaten uzten zaituztenak, lagun asko ikusi, haiekin hitz egin, animoak jaso beharrezkoak direnean eta bereziki emanaldi gogoangarria jasotzen duzunean hilabete amaierara larri ibili behar gabe.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: