AbainGoardia











{2011/02/28}   The Ocean “Heliocentric/Anthropocentric”

The Ocean “Heliocentric / Anthropocentric”

4xLP, 2010

Pelagic Records

Heliocentric

Aspaldi ez nuen berlindarren proiektu honen lehen zatia entzuten eta aitzakia hartu dut abenduan kaleratu duten bigarrena jaso izana biak jasotzeko eta harrez geroztik naiz etengabean entzuten. 2010. urteko disko onenetako lehiakideen artean izan beharko luke Heliocentric eta Anthropocentric taldeak.

The Ocean 2000. urtean Berlinen sortzen da eta hasieratik badu funtzionamendu partikularra, hortik The Ocean Collective izena izatea. Lehen hilabeteetan berrogei musikari baino gehiagok parte hartu zuten eta ordutik, taldea denborarekin finkatu bada ere, beti izan dira ñabardurak: abeslari ezberdinak disko eta kantu zehatzetan, instrumentu klasikoak jotzen dituzten kolaborazioak…

Beren lehen disko garrantzitsua 2003. urtean kaleratu zuten, Fogdiver izenekoa. Disko instrumentala, baina zuzenekoetan abeslariak omen zituena, metal indartsua giro anbientalekin nahasten zituzten, progresibo eta post-metalaren artean arituz. Urtebete berantago Fluxion heldu zen, ona, abeslariekin jada, eta bertan hasten dira instrumentu ezberdinak erabiltzen.

2005. urtean Aeolian kaleratzen dute, Fluxion diskoaren grabaketa saio berean eta nolabait irekitzen duena taldearen partikularitate bat: diskoak bina egitea. Aurrekoa baino askoz metal eta bortitzagoa izan zen.

2007.an maisulan bat kaleratu zuten: Precambrian. Disko puzka hau bi zatitan bereizten zen, Aeolianen ildoa jarraitzen duen lehena, eta musika eta ahotsaren aldetik askoz melodikoagoa den bigarrena (nahiz eta ahots guturalekin jarraitu). Hitzek ere bazuten bere xarma, gogoan dut besteak beste, Lautreamonten Les chants de Maldoror obran oinarritzen baitziren heion batean. Edizioa, gaizki gogoratzen ez badut, bi zatitan bereizi zuten CD euskarrian, eta ondoren egin zuten erabat ikusgarria den binilo bertsioa, non bi diskoak dakartzaten batera 3xLP formatuan.

Hiru urte iragan ziren disko hartatik hizpide dugun honetara eta aldaketak izan ziren, abeslari berria batik bat, zeinak sekulako eragina izango duen taldearen soinu berrian. Beren web orrian iragarri zuten diskoa berriz ere bi zatitan bereiziko zutela, Martxoa aldera kaleratuko zen Heliocentric, eta urrian kaleratu behar zen Anthropocentric.

Hitza betez, Heliocentric izan zen heltzen aurrena. Musika aldetik Precambrian diskoaren bigarren zatiarekiko loturak ikusten dira, baina bada aurrerapausoa ere. Metal indartsu eta pisu handikoaren atal ugari mantentzen dituzte oraindik, baina melodia ugari sartzen hasten dira. Pixkana ikusiko dugu.

Hitzen aldetik esan behar dugu Heliocentric/Anthropocentric binomioak historia kontzeptuala egiten dute, lineal aizan ez arren, alegia, eleberri baten modura jarrai daitekeen osotasun bat izan beharrean, gai bat erabiltzen dute disko osoan eta hortik abiatuz erreferentzia ugari hartzen dituzte. Oraingoan hautatu nahi izan dute Jainkoaren existentzia, edo existentzi eza, erreferentzi ugari erabiltzen dute berresteko ez dela posible existitzea Jainkoa, eta ondorioz oraindik zenbaitzuk sinesten duten teoria antropozentrikoa zein erlijioek zentzurik ez dutela.

Diskoa “Shamayim” instrumentalak irekitzen du, sampler soinu oszilatzailea oinarriz eta lehen kantuaren oinarria izango den gitarra aurkezten diguna.

Segituan topatzen gara “Firmament” kantarekin, nahiko garbia erritmo sinple zein orijinala du oinarritzat modu ezberdinetan joa, baxu aurrena, argi eta pisutsu ondoren, zenbaitez mantentzen dutelarik ostinato moduko hau. Supituan baretzen da gitarra bakarra geratuz melodia eder bat eginez eta gutxira bateria sartzen da. Esan beharra dago abeslari berriak kantu honetan ahots melodiko berri zein erakargarria aurkezten digula (nahiz eta ahots guturala baztertzen ez duen) eta honek gidatzen du hein handi batean ortzian egiten dugun bidaia. Hitza: Genesiaren pasarte bat da, 1:6-20 bersetak (ene, apaizaren konplexua sortu behar zait), non azaltzen duten nola Jainkoak erabaki zuen zerua argituko zituzten izarrak sortzea eguna gauetik bereizteko eta halako kontuak.

“The First commandment of the luminaries” kantuak Bibliaren beste pasarte bat dauka, Enoch 72:2-5, zeinean azaltzen den nola eguzkia ekialdetik atera eta mendebaldetik sartzen den eta halako gauzak. Musika aldetik erritmo geldo eta oso melodikoak aurkituko ditugu, batzuek The Cure moduko erreferentziak aurkitu dizkiote. Esan beharra da hemen horrenbeste gustatzen zaizkien soka klasikoen lehen aztarnak aurkitzen ditugula, biolinaren lehen agerpena topatuko baitugu.

“Ptolemy was wrong” da Jainkoaren, erlijioaren eta antropozentrismoaren aurka egiten duten lehen baiestapen sendoa. Gogora dezagun Ptolomeok teoria eta unibertso geozentrikoa bultzatu zituela, alegia, Lurra unibertsoaren erdian zela eta haren inguruan orbitatzen dutela gainontzeko izar zein planeta eta sateliteek (gure eguzkia barne), eta teoria hau indarrean izan zela milurteko t’erdi inguru. Hitzak kontatzen digu Kopernikoren moduko pertsona baten ikerketen emaitzek sortzen duten ondoeza (Koperniko bera izan daiteke hizlaria): planeten fase desberdinak ikusi baditu teleskopio bidez horrek esan nahi du Lurra fase ezberdinetan izan behar dela ere, ondorioz Lurra da eguzkiaren inguruan orbitatzen duena eta ez alderantziz. Orduan Ptolomeo oker zen.

Musika aldetik eten bortitza da, piano, bateria eta soka klasikoak baitira nagusi ahots nagusiaren gidaritzapean.

“Metaphisics of the hangman” kantuan martxa hartzen dute berriro, erritmo pausatu eta garbiekin eta hemen erreferentzia literario bat egiten dute sinesleen egoera aurkezteko. Orwellen “1984” bikainaz baliatzen dira esateko badirela nahikoa Winston Smith jendeari esateko sinetsi behar dutela bi gehi bik bost egiten dutela, 101. gelan berak egin zuen bezala. Hasierako doinu lasaien artetik ahots guturala azaltzen zaigu berriro aspaldiko partez indarra emateko haien baieztapenei eta hortik berriro baretasunera goaz.

“Catharsis of a heretic” kantuak berriro jartzen gaitu Kopernikoren moduko baten tokian, azaltzen baitzaigu nola baden heresia leporatzen zaion pertsona zeinak oinaze handiak pairatuko dituen ziurrenik eta sutara bidaliko duten ziurrenik bere idei iraultzaileengatik (Teoria heliozentrikoa!) baina bere egoera berdin zaiona, egiak irabaziko duela baitakielako. Musika aldetik doinu lasaiak aurkitzen ditugu kondenatuaren aitormena hunkigarri egiteko, baina oso gutxi irauten du (bi minutu inguru).

“Swallowed by the earth” diskoko kantu basatienetakoa dugu, ahots gutural gehien entzun daitezkeenak nagusitasunez eta erritmo astunenez osatua, iraganeko garaiak gogoratuz.

“Epiphany” kantuan epifaniaren absurdoa kontatzen digute, alegia, Jainkoari, haren semeari eta trinitateari erreguak egitea, erantzunik izaten ez dutenak, eta azkenik galdetzen dute: “Jainko bat ala hiru dira? Epifania arraroa”. Kantu motza dugu hau ere oinarri klasikoetan garatua.

Diskoaren une onenetakoak heltzen dira azken bi kantekin. Biak batera aipatuko ditut, biek osotasun bat egiten dutelako, kanta bera dira hitzek bereizia, bietako bat “The Origin of Species” baita eta bigarrenak “The Origin of God” du izena (neuk jartzen dizkizuet biak elkarturik entzuteko ohar zaitezten kantu bakarra osatzen dutela). Kantu heavyena, gitarra hasiera on batekin besoa altxaraziko dizuna eta ondotik ahots indartsuak, bai garbiak nola basatiak. “The origin of Species” kantuan azaltzen digu Darwinen eboluzioaren teorioa eta nola uler daitekeen arazoak izatea ulertzeko izaki guztiek sorrera bera dugula eta horren organo konplexuak sortuak izan diren arkitekto baten beharrik gabe. “The Origin of God” Zola zein beste batzuen “Neuk salatzen dut” (J’accuse) modukoa gogoratze didate, baieztapen zuzen zein gogorra egiten baitute ondorio batzuetara helduz. Hona hemen hitzaren itzulpena:

Sortzaile handi batek arazoa besterik ez digu agerian uzten. Edozein egitura konplexuk arkitekto baten beharra badu derrigorrean: orduan sortzaile handi horrek sortu duen edozer baino askoz konplexuago izan behar du. Nork egin du zuen arkitektoa? Nork egin du zuen arkitektoa? Zerez osatua da? Nondik dator?


Heliocentric disko oso ederra egiten da, segituan sartzen dena eta The Oceanen jarraitzaile askori gustatu dakiena, orain arteko ibilbidean etengune handia egin badute ere nire ustez.

Batzuek pentsa dezakete, Precambrian ikusiz (eta Fluxion eta Aeolian hein batean) diskoak bina egiten dituztenez, Anthropocentric diskoak lehenari falta zaion basati puntu hura izanen zuela. Eta ez zaie arrazoia falta, baina baditu aldeak ere.

 

Anthropocentric

Anthropocentric kostatu zait hasieran entzutea, Heliocentricekin alderatuz askoz gogorragoa baita, gogorregia, baina pixkana ikusten da aurrekoaren eskema jarraitzen duela neurri batean. Badaude kantu oso gogorrak, baina haien ondoren badatoz melodiak eta Hardcore munduko Emo pasarteetarantz hurbiltzen dira piloa. Batzuetan biak nahasten dituzte nahiko ongi.

Adibide gisa diskoari izena ematen dion “Anthropocentric” kantua. Hasierako guda oihu batek irekitzen ditu erritmo konplexu bitxiak, bateriari kutsu tribalak hartzen dituztenak une batetan. Baina tarte hoberena abestiaren erdialdetik hasten da, kantua moztu eta gitarra melodiko batek emo melodiei sarrera egiten dietenean, baxu dantzari oso ederrak lagundua eta dantza pausuak markatzen dizkigun bateria dotoreak gidatua, tarteka Toni Iommiren gitarkada modukoen ñabardurak dituena. Ahotsak bat-batean samina adierazten du eta gogoratzen digu ebidentzia guztiak aurrean izanda oraindik badela erlijioan itsuki pentsatzen duenik, uste izateraino eguzkiak lurraren inguruan biratzen duela (Ez da txantxa! Orain bi aste irakurri nuen non eta Errusian, non orain hogei urte arte estatu ateoa zen Sobietar Batasuna eta ateismo zientifikoa garatu zuten, biztanleen herenak uste duela eguzkiak lurraren inguruan egiten duela bira. Eta asko gazteak dira!).

“The Grand Inquisitor I: Karamazov Baseness” kantuak sartzen gaitu bigarren trama batetan antropozentrismoaren inguruan hitz egiteko: Dostoievskiren “Karamazov Anaiak” obra. Obrak sakonean borroka morala zuen, fedea edota arrazionalismoa ukitzen ziren. Eleberri mardul horren pasarteak baliatzen dituzte gizakiaren ontasunarekiko fedea ukatzeko. Kantua diskoko astunena, metalena da, zenbait tartetan mantsotzen badira ere.

“Se was the Universe” kantuan eguzkiaren beharra kontatzen digute, halako fededun batek amesten duenean eguzkia hiltzen dela eta iluntasun eta hotza lurraz jabetzen diren eta gizakiak bere biziarengatik borrokatzen duen. Beste kantu indartsua baretzen dena hainbatetan kantua impasse batean amaituz hurrengo kantuari tokia egiteko.

Hurrengo kantua hauskortasuna darion “For he that wavereth” bi minutuko kantu ederra da. Melodiaz betea, aski da gitarrak soilik entzutea haien apaingarri guztiekin hunkitzeko. Balada moduko honetan abeslariak bere potentzial osoa erakusten digu gizakiaren krisi espiritualarekin jarraitzeko.

“The grand Inquisitor II: Roots & Locust” diskoko bigarren kantu basatia dugu, pisutsu eta erritmo aldaketa ugarirekin.

“The grand Inquisitor III: A tiny grain of faith” hurrengo kanturako eten bat da, minutu t’erdin sampler batzuk entzuten baititugu bateriak gidatuak neska baten ahots gozoa eta biolinarekin.

“Sewers of the soul” abeslariaren aldetik kanturik guturalena da, askoz baxuago kantatzen duelako Sepulturaren moduko gitarkadek gidatua.

“Wille zum Untergang” diskoko abesti instrumentala da, musika emoarenganako euren hurbilpena baieztatzen duena, motela, gitarren akorde eta melodia apaindura berri eta lirainak, oinarri erritmiko mantsoak…

“Heaven TV” diskoaren azken kantu indartsua da, abeslariak oihu batekin ireki eta hortik aurrera erritmo aldaketa ugari eta konplexu aurkituko ditugu amaieraraino.

Diskoa “The Almightiness Contradiction” zirraragarriak ixten du. Azken balada, heavy klasikoaren arima duena baina hein berean, biolontxeloaren hunkitasunak kutsu klasikoa ematen diona (pasarte batetan Erdi Aroko erritmo bat imitatzen dute musikariek), sendotuago amaieran biolinak azaltzen direnean, eta ahots emoena ematen digunean kantariak. Kantu eder honetan ahalguztiduntasunaren kontraesana uzten dute agerian. Hitz ederra egiten dute, baina nahiago dut agian sarrera bezala duten Epikuroren aipua: “Jainkoak gaiztakeria ekidin nahi du, baina ez da gai? Orduan ez da ahalguztiduna. Gai da eta ez du nahi? Orduan gaiztoa da. Gai da eta nahi du? Orduan zergatik gertatzen dira zitalkeriak? Ez da ez gai eta ez du nahi? Orduan zergatik deitzen dugu Jainkoa”.

Anthropocentric diskoa honela laburbil dezakegu, indar eta melodiaren arteko oreka ona, azkenak geroz eta presentzia gehiago irabaziz. Disko bezala Heliocentric gustatzen bazait gehiago (osotasunean), bigarrenak kantu ederrenak dauzka bien artean konparatuz. Bikote itzela.

Txapa honekin amaitzeko beharrezkoa dut aurkezpena aipatzea. Biniloetan behintzat ikusgarria da. Ez soilik laukoitza izateagatik. Hasteko, oraintxe osorik erosi nahi duenarentzat ikusiko du nola dena kaxa batetan bidaltzen dioten, bi diskoak gordetzeko kaxa serigrafiatu ederra. Barruan bi diskoak topatuko dituzu, karpeta bikoitzekoa bakoitza, zein baino zein ederrago, batetan zodiakoaren posizioa irudikatzen digute espazioan, eta bigarrenean gure Esne-bideko konstelazioak erakusten dizkiguten. Hori karpetak irekitzean. Karpeten azalean diorama modukoa ikusten dugu. Heliocentric diskoan gure eguzki sistema azaltzen zaigu, eguzkia erdian, eta orain gutxi arte irakasten zizkiguten bederatzi planetak (Pluton barne) haren inguruan orbitatzen, dena mugitu daitekeelarik zodiakoaren inguruan. Anthropocentric diskoarena berdina da, baina Lurra eta Gizakia dira erdian eta gainontzeko planetek, Eguzkia barne, haren inguruan orbitatzen dute. Heliocentric diskoaren hitzak, gainerak, tarot edo izar katen modukoak dira, irudi existentzialez hornituak. Binbilo guztiak kolorezkoak dira eta disko bakoitzaren D aldea serigrafiatua izan da (ez dira entzuten, ikusteko dira).

 

Disko itzela, nahikoa garesti eskuratzeko fisikoki, baina benetan pena merezi duena entzutea, benetan.

 



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: