AbainGoardia











{2011/03/06}   A partir de ahora llamadme Tania

A partir de ahora llamadme Tania

Cronica de una guerrillera simbiotica

Anne Williams

ISBN 978-84-937467-3-5

232 orrialde

2010eko Abendua

Ediciones La Felguera

 

Ediciones La Felguera bereizi da gizarte anglosaxoian 60 eta 70. hamarkadatan izandako talde kontrakultural eta armatuen inguruko argitalpenak egiten. Ez dezagun ahaztu Días de furia liburua argitaratu zutela, guztien nolabaiteko laburpena egiten zuena, eta ondoren talde hauek banaka zehazten dituzten liburuak egin dituztela: Motherfuckers, Angry Brigade…

Oraingoan eskuan dugun liburuak talde armatu arraroenetako bat aurkezten digu: Symbiones Liberation Army (SLA), Askapenerako Ejerzito Sinbiotikoa. Kriston egitura zutela baieztatu arren (Herri Epaitegia, Herri Sinbiotikoen Federakundea…), ez ziren dozena bat militante baino gehiago izan, baina FBI eta Estatu bera xakean jartzeko gai izan ziren, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Taldea 1973. urtean sortzen da eta 1975. urtean desagertzen da estatuaren errepresioaren medio. Horren denbora eskasean esan bezala estutasunean jarri zuten gobernua. Bi ekintzek egin zituzten ezagun historiarako. Lehena Marcus Foster doktorea, Oaklandeko unibertsitate sareko arduradun nagusietakoa zenaren hilketa izan zen. Hari egozten zioten unibertsitateetan ezartzen ari ziren kontrol sozialerako neurri berrien diseinua. Ekintza haren ondorioz bi militante atxilotu zituzten, Russell Little eta Joseph Remiro. Erorketa hori ezin zen SLArentzat erantzunik gabe geratu eta ekintza berri bat prestatu zuten, famatuen bilakatuko zituena.

1974ko otsailean Patricia Campbell Hearst (Patty Hearst) bahitu zuten. Patty Hearst William Randolph Hearsten biloba zen, komunikabideetako handiki boteretsua (zeinengan inspiratu zen Orson Welles Citizen Kane egiteko). Ez zuten bahitu bakarrik haren biloba izateagatik, Pattyren amak unibertsitateetako kontrol sozial bera babesten zuelako bere posiziotik ere.

Patty askatzeko egindako eskakizun nagusietakoa (eskakizunak zintetan banatzen zituzten irrati libreetan) izan zen lau milioi dolar banatzea elikagaietan Kaliforniako txiroenen artean. Baina Pattyren aitak denbora galdu zuen negoziatu nahian (bi milioi izatea lauren beharrean, ez zela aberatsa esanez…). Eta elikagaiak banatzeko orduan egindako hondamenak (egundoko liskarrak ikusi ahal izan ziren telebistan Oaklandeko jaki banaketetan) sumindu zuten Patty Hearst.

Hasierako zintetan itxaropentsu entzuten zitzaion, baina gero aldaketa bat suertatu zen. Ez zen soilik bere bahitzaileen alde jarri, SLAko kide bilakatu zen. Zinta hartan esaten zuen argi, Patty Hearst hil zela, ordutik aurrera Tania deitu behar zutela, Che Guevararekin borrokatu eta hil zen izen bereko gerrillariaren izena hartuz omenez.

Apirilean SLAk Hibernia bankua ebatsi zuen eta hango kamerek hartutako irudiek mundu osoan eman zuten buelta, bertan ikusten baitzen Patty fusil bat eskuan bankua atrakatzen. Irudietan gainera erabakia ikusten zitzaion eta atrakuko kideek apuntatzen ez zutela ikusten zen, ondorioztatu zutelarik poliziek ez zela parte hartzera behartua izan.

Hilabeteetan jarraitu zituen FBIk eta azkenik irailean atzeman zituen Oaklandeko etxe batetan. Ordubetez egundoko tiroketa izan ondoren etxeak sua hartu zuen eta SLAko sei kide sutean kiskali ziren. Patty Hearstek ihes egitea lortu zuen. Urtebete beranduago harrapatuko zuten SLAko azken kideekin, tartean atraku gehiago egin ondoren, haietako batetan zaindari bat hil zuten ere.

Patty gainontzeko kideekin epaitua izan zen eta errugabetasuna lortzeko asmoz esan zuen erabat drogatu eta etengabeko sexu harremanetara behartu zutela. Zigortua izan zen, baina Jimmy Carterrek askatu zuen eta Bill Clintonek, bere mandatuaren azken asteetan, indultua eman zion.

Talde armatu bitxi honen historia liburu honetan aurkituko dugu, modurik interesgarrienetako batetan egina: SLAk berak bidalitako zinten transkripzioak dira aurkituko ditugunak. Ba al da taldearen pentsamoldea ikusteko modu hobeagorik?

Liburua bizkor, oso bizkor irakurtzen da. Are gehiago kontutan izanik hogeita hamar orrialde inguru Hibernia bankuaren atrakuko irudiak direla, gehiegizkoak nire iritziz, are gehiago pixelatuak izanik. Baina horrek ez dio interesa kentzen liburuari.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: