AbainGoardia











{2011/03/15}   Willis Drummond “Istanteak”

Willis Drummond “Istanteak”

CD, 2011ko Martxoa

Bidehuts

 

Gehien espero nuen diskoetako bat kaleratu berri da. Willis Drummondek bere lan berria aurkezten digute eta maisutasunez eginiko rock gaindosiarekin esaten digute aspaldi etorriak direla gure artean geratzeko.

Luze baita Anthology lehen disko hura egin zutenetik, bi urte Bidehutsek izenik gabeko diskoa kaleratu zienetik eta urtebetea beteko du aurki kaleratu zuten zuzeneko bikainak. Disko guzti horietan ikusi da beren abilitatea, kantu zuzenak, ahots erlatsa eta zirraragarria, oinarri erritmiko sendoak eta gitarra zorrotzak, punk-rocka… eta post ugari (post-rock, post-hardcore, post-deus…).

Diskoa “Araua (gurea)” kantuak irekitzen du. Rock indartsua, pisutsua eta ahots hunkigarriak azaltzen diguna jabetza pribatuaren zentzugabetasuna. Zenbaitetan, beren adiskide Popek egindako soloekin bereziki, gogoratu dizkidate australiar rock taldeak, bat-batean iruditu zait The Beasts of Bourbonen “I don’t care about nothing anymore” entzutea (musika aldetik). Eta ez dut esaten zuzenekoan australiarren bertsio bat egiten zutelako.

“Begi erreak” diskoko abesti onetako bat da, euren Myspacean jarria dutena eta, memoriak huts egiten ez badit, Santurtziko La Kelo Gaztetxean egindako emanaldian jo zuten hiru kantu berrietako bat da. Lehen doinuetan, amaieran berriro errepikatuko direnak, rock bizkor eta sendoa entzuten dugu, bat-batean beste erreferentzia bat etortzen zait, Motörhead. Tarte mantso bat dute tartean, beren errefentzia nagusietako bat gogora dakarkidatenak (aurrerago esango dut zein, baina askok jakingo duzue jada).

“Ez da dudarik” kantu bizienetako bat da, punk arima gehien duena, zuzena, ahots garratz eta ozenak eta koro ugarirekin.

Diskoari izenburua ematen dion “Istanteak” kantu bitxienetakoa da, horretaz jabetu nintzen Santurtzin jada. Kantu oso geldoa, ia zortzi minututan ez dira erritmo eta lelo beretik mugitzen (“Istanteak izakiak dira…”), giro hipnotiko batean sartuz, doom eta sludge deituriko doinuetan sakonduz, hots, Black Sabbath, Pentagram, Saint Vitus eta abarrek egindako rock ilunean oinarrituriko berrirakurketa ederretan, non ez bazaren ohartzen itoko zaren… gozamenez.

Bosgarren kanta diskoko kanturik onena da niretzat eta gehien kolpatu nauena da. “Noiz da gero?”. Kantu itzela. Sentitzen dut, baina hemen aipatu behar dut erreferentzi ekidinezina, horren argia, beraiek ere txantxak egin izan dutena: Fugazi (Santurtziko kontzertuan agurtu ziren erranez “Baiona D.C.tik gatoz”, Washingtoneko taldea, Dischord Records eta hainbat talderenganako zaletasunaren inguruan adarra joaz). Lehen segundutik azken kolperaino entzuten dudan denak haiek oroitzen dizkit: Brendanen bateria, Joeren baxua, gitarren amaierako akopleak… irudika nitzake Guy Piccioto eta Ian Mackaye “Noiz da gero?” oihukatzen inolako arazorik gabe. Baina horrek ez du esan nahi txarra denik, inondik ere. Ez da plagio hutsa. Ikasle onen kontua eta mirespena dela esango nuke. Eta letra… gogoz kolpatu dit barnean, daramadan noraezeko bolada honetan sakon egin didatenak, tarte batzuk idaztea beharrezkoa dut:

“[…] Salto egiten dut urpera, airea berinezkoa da, bisaia izoztu zait, besoak urtu zaizkit, zure eskuek ez dute gehio hatzik. Nahi zintuzket hunkitu bainan ez naiz gehio ausartzen, ene esku hotzetaz, lodietaz, leunetaz, malestruketaz lotsatzen naiz. Beldur zira ni galtzea bainan nik zaituztet galtzen, zu ere haiekin zaude, ta ni zuen munduan, axolagabekoa, baina bertan. […] Bihar berriz hemen izango naiz, bai gero berriro bainan, noiz da Gero?[…]”

“So” kantuak badu Post-hardcorearen doinu ugari ere baina bada gustatzen ez zaidanetakoa, abiada asko ez, baina ezta geldoa ere, eten ugari eta oihu batzuk. Ez da txarra, baina ez da nire gustokoa.

“Oino pixka bat” bada izanik gabeko diskoaren kantu motelekin antzekotasun gehien dituena. Astiro, bateria astun eta sakonak, gitarra kolpe luzeak eta ahots melodia are eta luzeagoak.

“Hobenduna” diskoa ixten duen beste kantu zuzen bat da, motza, bizkorra, zarata ugari eta oihu mordoa ere. Mututzen denerako esaten duzu “hara, diskoa amaitu da?”.

Diskoa ona bada motz egiten delako gertatzen da galdera hura. Hogeita hamasei minutu eskas. Agian hori ez da txarra, gauza onak dosi txikietan ematea gaindosia jaso beharrean.

Diseinua ere asko landu dute eta hor atzematen da izan duten laguntza bai taldeak nola Bidehuts zigiluak, irudiak ikustean susmatu eta kredituak ikustean ohartu bainaiz margoak Ramon M. Zabalegik egin dizkiela, Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak bildumari dotoretasuna eman zion artista bera. Hemen ere emaitza oso ona ematen du, are eta ederrago geratzen dena egin dioten aurkezpenean, digipack moduko kartoizko kaxa bikoitzean.

Segi beharreko disko eta taldea da, benetan.

 

PD.: Ea, Willis Drummond eta Bidehutsentzako mezu pertsonala. Ez dakit nola esan… Zeren zain zaudete diskoak biniloan argitaratzeko behingoz? Kantu hauen berotasunak beharrezkoa du euskarri onenean hedatua izatea, benetan… Akzioak erosi beharko ditugu egin dezazuen? Kar kar kar…



abaingoardia says:

“Istanteak” kantuari buruzko puntualizazio bat egingo dut. Beste aipamenen batetan irakurri izan dut alderatu egin dutela Lungfish taldearen doinu hipnotikoekin. Pentsatzen dut nirea baino alderatze zehatzagoa dela, zentzuzkoagoa ematen du. Hori da gertatzen dena talde hura aski entzun ez eta disko hau jaso berritan aipatzeagatik.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: