AbainGoardia











{2011/05/14}   Noticias de ninguna parte

Noticias de ninguna parte

William Morris

ISBN 978-84-938327-4-2

308 orrialde

2011ko Urtarrila

Capitan Swing Libros

Orain arte zenbait liburu edo pelikula distopiko aurkeztu ditugu bertan, amesgaiztoko gizarteak deskribatzen zituztenak alegia. Oraingoan kontrako proposamena egiten dugu.

Capitan Swing Libros argitaletxeak ohitu egin gaitu bere bi urte eskaseko ibilbidean proposamen ederretara, ediziotik ediziora diseinu aldetik geroz eta gustu gehiago erakutsiz, eta eduki beraren aldetik proposamen ausart eta bitxiak eginez.

Aurten utopiari buruzko bi eleberri kaleratu ditu (oraingoz behintzat). Bata Edward Bellamyren El año 2000 dugu. Bigarrena aipagai izanen dugun Morrisen eleberria.

William Morris XIX. mendearen bigarren erdialdeko pertsonai ingeles esanguratsua izan zen. Sozialista, erreformatzaile soziala, diseinatzailea, arkitekturan idei onak zituena, bere diseinu konpainia propioak ireki zituen, zeinetan egiten zituen proposamenak gizartearen hobetzerako haustura bat suposatzen zuten bizi zuen garaiarekin.

Noticias de ninguna parte gizon baten kontakizuna da, XIX. mendearen amaierako Londresen bizi den berrogeita hamar urte inguruko gizon dotorea klubean mintzatzen dena bere solaskideekin gizartearen geroaz. Gau batean bere gelara itzultzen da solasaldi hauetako baten ondoren eta lo egiten du.

Lo egin baino, hibernatzen du, esnatzean ohartuko baita XXI. Mendearen erdialdearen inguruan esnatu dela (liburuan ez da zehazki esaten). Baina ez du etxe-orratzez beteriko Londres bat aurkituko, ez ditu egundoko ibilgailuak ikusiko eta ez du abiada bizia sumatuko. Lo egitean utzi zuen hiri goibela desagertu da. Haren beharrean zelaiak besterik ez ditu topatzen, etxe asko eraitsiak izan dira eta beste batzuk eraiki. Herdoilduriko burdinezko zubiak bota dira eta haren beharrean harri eta zurezko zubiak altxa. Ez da makinarik. Biztanleak oinez dabiltza, edo zaldiz, oso zoriontsuak dira, lana gogo onez egiten dute (lanak ez du guk ezagutzen dugunarekin zerikusirik), bizi esperantza handia dute eta oso ongi kontserbatzen dira (hogei urteko antza duten berrogeita zenbait urtetako emakumeekin egiten du topo) eta haurrak ez dira eskoletan, libreki eta bere kasa hezitzen direlako.

Gizona galdua sentitzen da egoera honetan (harritzekoa ez dena) eta erantzunak bilatzen ditu. Bidean aurkitu duen gizon bati laguntza eskatzen dio eta hark ehun eta berrogeita hamar urteko birraitona ikustera eramaten du. Agureak esango dio nola gizarte industrialak gainbehera egin zuen iraultza baten eta haren segidako gudaren ondorioz, eta nola langileek, beren esklabutzarekin amaitzeko, zein nagusiek, langileen esku amai ez zezaten, ekintzarik erradikalena egin zuten: makinak suntsitzea. Agureak deskribapen oso ona egiten du antzinako gizarteaz, gurearen isla perfektua dena: “Sistema hark perfekzioa soilik aurkitu zuen ezertarako behar ez ziren eta berehala apurtzen ziren produktuak ekoizteko makinetan”.

Liburua atsegina da, baina onartu behar dut motela egin zaidala, oso lasaia. Akaso utopia batetan aurkitzen garelako, eta dena da zoriontasuna. Lasaitasun edo monotonia hura hausten duten puntu bakarrak agurearen kontakizunaz gain, bi gertakari dira. Txikiena antzinako gizartearen falta duten pertsona eskas batzuk aurkitzea. Eta larriena pasio-krimen bat topatzea, zeinekin gizarte hark “justiziaz” ulertzen duena ikusten dugun.

Liburu dotorea, gomendagarria, apartekoak dira ere Morrisen deformazio profesionala dela eta egiten dituen deskribapen artistikoak. Irakurtzeak pena merezi du.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: