AbainGoardia











{2011/05/16}   Izate “Gure negu hotzak”

Izate, “Gure negu hotzak”

CD, 2011

Autoekoizpena

Banituen gogoak disko hau entzuteko. Mugimendu asko egin behar izan ditut, taldearengana jo ere, eta eskerrak oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian gauzatzen ari naizela pixkana, Ziburuko Herri Ostatuan aurkitu baitut diskoa azkenik.

Izate Donibane-Ziburuko Gaztetxean hazi den talde interesgarria dugu, urte mordoa daramana funtzionatzen eta Diska kaleratu zuena 2006an Musikherria disketxe alternatibo eta kolektiboaren bitartez. Aurretik eta are gehiago ondoren kontzertu anitz egin dituzte beren doinu indartsuak aurkezteko. Neuk birritan ikusi ahal izan nituen, Santurtziko La Kelo Gaztetxean antolatu nien kontzertuan Interlude eta Inserta taldeekin batera (mingarri egiten zait gogoratzea lehenak jo behar izana jende gutxiren aurrean, Insertako partaide bat berandu zetorrelako lanetik, hauek baitziren kontzertua ireki behar zutenak) eta Pateando Porkeriak haiekin egin genuen kontzertua Pausuko Xaia Ostatuan. Kontzertu onak eta are atseginagoa haiekin izandako tartea eta Fred, Bixente, Peio eta Claire pertsonalki ezagutu ahal izatea.

Bost urte berantago bueltan datoz Gure negu hotzak aurkeztuz garai epelak iragartzen diren hauetan. Aurreko diskoan zenbait kantu bizkor aurki genitzakeen eta hainbat doinu (kontzertuetan nabariagoak) agian gehiegi gogora zezaketenak Euskal Herrian izandako erreferente bat: Kashbad. Errenteriarren azken garaiko pasarteak oroi zezaketen askotan. Disko honetan, ordea, beren soinu propio definitua ematen dute, inork ez dezan halako alderaketarik egin. Abiada sakrifikatu egin da (Carmen Gisasola euskal preso politikoaren hitzekin eginiko eta El Corazon del Sapo, Kuraia eta Estricalla taldeetako abeslari Fernandoren kolaborazioa duen “Agurra” eta “Gurea da” kantak ditugu salbuespen) melodiei presentzia nabariagoa emateko. Melodietan ari gara bai gitarretan entzun daitezkeen akorde eder eta garbiak (oinarri erritmiko sendo batek lagunduak direnak), zeina ahotsa. Aurreko diskoan oso ekarpen ona egin bazuen, oraingoan Clairek melodia eztiagoak dakartza, baina indar edo erregistro oso ezberdinak egiten baititu, diskoari izena ematen dion “Gure negu hotzak” kantuko tarte apaletatik, “Ni naiz bestea” abestiaren amaieran entzuten dugun indarreraino.

Diskoa “Nigandik hurbil” kantuak irekitzen du. Baxu doinu sinple zein itsaskorrak beta ematen dio ahotsari apaltasunez gure belarrietan sartzen joateko gitarra eta bateria supituan sartu aurretik eta horrela intentsitatea baretasunarekin tartekatuz joanen da. Gogoratu egin dit gaiagatik GRB bartzelonarren “Locuras de juventud” kantua, biek aipatzen dute izaera iraultzaile edo errebeldea gaztetasunean, adinarekin badoana. Izateren kantuak hein bat baikorragoa izan nahi du, esaten baitu beharrezkoa dugula “haur” hura aldamenean izatea (neuk behintzat nahiagoko nuke “haurra” izaten segitu…).

Diskoari izena ematen dion “Gure negu hotzak” baretasunarekin adierazi nahi izan dugun adibide ona da, melodia eder bat ardatz nagusi, hitz iluna aurkituko dugu amaigabeko negu beltza eta heldu behar duen udaberri argiaren itxaropenari deituz. Ahotsak eztitasunek bere abilezia lehertzen du oihu luzeekin eta erregistro aldaketa anitzekin hitz berean.

“Gurea da” kantu itsaskorrena dugu, promozio iruzkinetan ikusi edo entzun ahal izan den kantu edo bideoa. Rock’n’rollaren aldarria, musikarienganako eta entzuleenganako omenaldia, emanaldi baten ezinbesteko bi aktoreen komunioa eta gorazarrea (zenbatetan ahaztu da taula gainean egotearen arrazoietako bat dela azpian jendea izatea antolakuntzan eta bestan?). Hitz eder eta baikortasunetik idatzia. Musika aldetik kantu martxosoenetakoa, bizienetakoa, jendeak zuzenekoetan dantzatu dezan gogoz eta izerdiaren horditasunez.

“Bizitzaren begiak” guraso bilakatzearen leloa izan daiteke, elkarrizketa bat non gurasoek haurrari maitasunez hitz egiten dioten eta hark erantzuten dieten ere. Zenbaitetan lagunen artean aipatu dut lagunekin ikaragarri nabaritzen dela guraso bilakatzen direnak: bat-batean skin gazteentzako jantziak zekarren dendak skin haurtxoentzako petoak saltzen hasi zen (Street Warriors), gandor deigarri eta estetika ederrenak dituztenek harro hitz egin eta erakusten dizkizute haien hiru urteko haurraren azken argazkia. Izateri berdin gertatu zaio. Guraso bilakatu dira zenbaitzuk behintzat (ez dut osotasuna aipatuko ez baitut guztien bizitza ezagutzen), hitza egin diena agian ere, eta gertakari berezi honi tartea ematen diote abiadura moteleko baina gitar askoren emozioz eta saminezko ahotsak gidaturiko doinuekin.

“Ni naiz bestea” gehien gustatu zaidan kantuetakoa izan da, amaiera bereziki. Baxuaren hustasunetik abiatuz bateria eta ahotsa sartzen dira berriz eta apaltasun osoz hasten da gizakiaren dualtasunaz hizpide, hoberena zein okerrena izateko dugun gaitasunaz eta gure barneko borrokaz. Gitarrak urruneko melodiak eransten dizkio gogortasunez sartu aurretik eta orduan Clairren ahotsak presentzia irabazten du, bolumena igoz eta bere indar osoa erakutsiz azken oihu aldarria eginez infinituaren hustasunera… Emotiboa.

“Banoa” kantu motelenetakoa da, popena agian, era berean vals edo dantza kantu geldo baten moduko doinua gogoratzen didana, ez dakit haren eragina izango den tarte batetan biolontxeloa sartu izana. Gitarra akustikoa, bateria apala eta ahots lasai eta epelenak.

“Agurra” kantu zuzenetako bat da eta indarra eman nahi izan diote. Esan bezala kantu honetan lagun dute Fernando “Apoa” ahotsetan, hark garraztasuna eransten baitio ahots nagusiaren oihuei (bide batez, esan behar dut kantu honetan Clairek piloa gogoratzen didala Criatura eta Vision Tunel taldeetako ene adiskide Pep4).

“Noiz arte?” beste kantu martxoso bat da, dantzarazten duen horietakoa, ahots punkena agian, jarrera asko igortzen baitu adierazteko badirela gorrotoa dariena eta gorrotoa sentiarazten digutenak.

“Bizitzaren begiak” bizi berriari ongi etorria egiten badio, “Joan direnei” bizitzaren amaiera agurtzen duen kantu ederra da, zeinak emozioa zizelkatzen duen hitz ederrekin ferekatuak izateko: “Eta nik zenbat itsaso egin behar ote ditut malkoekin?”. Kantu hunkigarria.

“Ez nakien” erruduntasun kantu bat da, ikusteko ondoan izan eta galdu duguna oreka hauskorrean aritzeagatik. Musika ere arintasun eta bortiztasunean nahasten da indar handiko pasarteak eginez.

“Jeiki” bada euskal gazteriari bereziki baina beste askori ere zuzenduriko aldarria, manipulazioen bidez kriminalizaturikoa, ahuleziatik sorturiko errepresioaren pairatzailea. Kantu indartsu hau sufritzen duten guztientzako animo bat da.

Diskoa “Oroitzapenen kutxa” kantuak ixten du. Gitarra akustiko eta ahots gozoak gidaturiko beste kantu barea, zeinak une ezberdinak dituen abeslariak igortzen digun emozioaren arabera, une benetan hunkigarriak sortuz liluraren inguruan, atzean geraturiko amodioa, egun ondoan duzun berak sortua eta beste modu batean (edo bertsuki) ematen dizuna.

Disko nahiko on honek ere aurkezpen aldetik dotoretasuna erakusten du. Ez du apaingarri askorik, azalean azaltzen diren taldekideen argazkiaz gain, barnean azaltzen diren irudiak izar konstelazioetan oinarrituriko argazkiak dira, tarteka irudi lirainek osatuak.

Disko zinez gomendagarria, beraiek ekoitzi dute osorik, eta posiblea da osorik deskargatzea euren orriaren bidez http://www.izate.net helbidean, fisikoki agian gehiago mugitu beharko zara, niri gertatu izan zaidan bezala.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: