AbainGoardia











{2011/06/26}   Iparretarrak

Iparretarrak

Erakunde politiko armatu baten historia

ISBN 2-913842-46-1

324 orrialde

2007ko Abendua

Gatuzain

 

Orain ia bi urte Grupo armado aipatu nuenean blogean, esan nuen pixkana argitaratzen joan direla Estatu espainiarrean zein Euskal Herrian izan diren talde armatu ezberdinen inguruko liburuak. Gainbegiratu txiki bat egiten nuen liburu haien inguruan. Liburu horietako bat orain luzez aipatuko duguna da.

Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia Eneko Bidegainek (berriki kaleratu du Patxa, Besta bai, borroka ere bai liburua, blog honetan aipatu duguna ere) idatzi zuen orain lau urte eta arrakasta handia izan zuen (Gatuzain argitaletxeak posibleki hoberen saltzea lortu duen titulua), oso istorio interesgarria osatzea lortu baitzuen.

Iparretarrak Ipar Euskal Herriko talde armatu iraunkorrena izan zen, 1973ko abenduaren 11an eginiko lehen ekintzatik 2000. urteko urriaren 26ra arte ekintzak egin zituena, 27 urte, alegia. Baina IK ez zen ekintza armatuak besterik gabe egin zituen talde armatua. Beren ingurunea, Ipar Euskal Herria, suspertu nahi zuen militante taldea izan zen, Iparraldea agintari frantsesek zokoratu nahi zuten turismo masiboari zuzenduriko paradisua bilakatzeari uko eta, gainontzeko euskal lurraldeekin batera osotasun bat bilatzen zuen talde politiko armatua izan zen.

Erakundearen ibilbide osoa azaltzeko egileak hiru zati nagusitan banatzen du liburua, taldearen bizian izandako fase nagusiek mugatua. Lehen zatia, “Herriak bizi behar du” izenarekin, 70. hamarkada zeharkatzen du. Bertan, anekdota bezala, IKren lehen ekintza azalduko digute. 1973ko abenduaren hamaikan zenbait militantek Bankako (Nafarroa Beherea) La Rosée lantegiko kontabilitate liburuak lapurtu zituzten. Lantegi hartan lan gatazkak izan ziren eta hauek blokatu zirenean ekintzara pasatzea erabaki zuten. Kontabilitateko argilunak atzeman ondoren itzuliko zituzten, baina aurretik Baigorritik pasa ziren langilearen jabe Toureng jauna jipoitzera ukabilekin.

IKren partaideak ez ziren ezerezetik atera ekintza horren aurretik. Aurrena ETA laguntzen izan ziren armak eta militanteak mugaren alde batetik bestera zeharkatzen laguntzen. Azalduko digute nola lehen gazte hauek beren kontzientziak piztu zituzten oso goizetik, ama hizkuntza euskara mespretxatua zela ohartu zirenean, t’es con ou t’es basque? galdegiten zietenean eskolan (tontoa edo euskalduna zara?), Hegoaldeko errefuxiatuek pizturiko elkartasunean, Enbata alderdiak antolaturiko ekitaldiak txiki geratu zitzaizkienean, izate euskalduna gai sozialekin lotu nahi zituztenean. Barne eztabaida ugari izan zituzten lehen militante horiek taldea sortu arte. Ibilbide osoan eztabaidak asko izanen ziren.

Azaltzen zaigu nola laster tupust egingo zuten ETA berarekin, honen asmoa baitzen borroka Hego Euskal Herrian kokatzea eta Iparraldean ekintzarik ez egitea, taldeak bertan egituratu eta errefuxiatuek bertan lasai egon ahal izateko. Horrela IKri eskainiko zioten haiekin lan egitea Hegoaldea askatzeko, “frente bakarra” izendatu zutenan. Iparretarrak “frente bateratua” proposatu zuen, bi borroken beharra azpimarratuz. Hortik abiaturiko liskarrek min handia sortuko zuten Iparraldeko mugimendu abertzalean, ETA eta IK sostengatzen zituzten talde bereizietan banandu baitzen, urtetan elkar ikusi ezingo zutenak ere.

Gogoratuko digu urte horietan ere ez zela IK izan Iparraldean izan zen talde armatu bakarra. Hegoaldean beste batzuk izan ziren modura (Komando Autonomo Antikapitalistak nabarmenduz), Iparraldean zenbaitzuk izan ziren, Herria Zain, Herritarrak, BASE… Ezagunenak Euskal Zuzentasuna, beren ekintza deigarriengatik, eta Hordago izan ziren. Pena sortzen du Hordagoren inguruan informazioa eman arren, urtetan IKren “lehiakide” izan zen talde honen inguruko datu gehiago ez izatea, beren burua IK baino ezkerrerago definitzen baitzuten, ikuspegi aski libertariotik.

Lehen zati hau 1980. urteko martxoan amaitzen da, Iparretarrak su bidez buruturiko ekintzetatik lehergailuak erabiltzera eginiko hautua egin berri eta haren ondorio latza suertatu zenean: IKren lehen bi militanteak, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz, hil ziren jartzen ari ziren leherkaria esku artean zartatu zitzaienean.

“Batasuna borrokan” bigarren zatia da, bi hildakoen doluak irekitzen duena eta sasitarrak (klandestinoak) izateko beharraren barne eztabaida pizten denean eta 80. hamarkada zeharkatuko duena funtsean, IKren aro indartsuena izango zena. Zenbait militante pasako ziren klandestinitatera konbentzimenduz edo errepresioak behartuak (Filipe Bidart, Gabi Mouesca, Ttotte Etxebeste, Filipe Lascaray…).

Bigarren zati honetan unerik gogoangarrienak daude, baina badira zorigaitzak ere. 1983ko abuztuan Leongo kanping batetan izandako tiroketa baten ondoren Jean-Louis Larre Popo militantea desagertu zen eta ordutik inork ez daki hari buruz ezer. Atal batetan zehar desagerpenaren inguruko zehaztasun eta hipotesiak aurkezten dira.

Eroritako militante gehiago izan ziren. Didier Lafitte poliziaren tiro batek hilko zuen. Christophe Istequek bizia galduko zuen eta Patrick Lembeyek zangoa jartzen ari ziren lehergailua eskuen artean zartatzen zaienean.

Baina badira une gogoangarriak. 1986ko abenduan ekintza bikainena egingo zuten, Paueko kartzelan zenbait militante sartu zirenean poliziak zirela esanez, eta bertan preso ziren Gabi Mouesca eta Maddi Hegi askatu zituztenean. Horren bikain atera zen, Xabi Labegueriek, Filipe Bidartekin batera kartzelan sartu zena, leku aldaketaren papera sinatzean ez zuela zalantzarik izan “IK” jartzeko. Ekintza aparteko honen xehetasunak ere aurkituko dira bertan. Zoritxarrez haren epilogo izango zen Maddi Hegiren heriotza, tren batek harrapatua, handik sei hilabetera.

Bigarren zati hau amaitzen da poliziak kolperik handiena ematen dionean IKri, lehenik Gabi Mouesca eta Henri Perez harrapatu bazituzten, Bokaleko etxe batetan 1988an erakundearen bost militante ezagun harrapatu zituenean: Filipe Lascaray, Ttotte Etxebeste, Peio Agerre, Jean-Paul Hiribarren eta Filipe Bidart. Poliziak sarekada itzela egin zuen eta tiroketa bat bultzatu zuen, zeinean Ttotte Etxebeste larriki zauritu eta ordutik gurpildun aulkiarekin ibili beharko den.

Hirugarren zatian, “Autonomia, lehen urratsa askatasunaren bidean”, taldearen azken urteak azaltzen dira, non taldearen ekintzak apalduz joaten diren heinean bultzaturiko hausnarketa politikoek egiten duten bidea ikusiko da. Ipar Euskal Herriarentzako autonomia eskakizuna aurkeztu zuten, hautsak harrotuko zituena luzez. Lizarra-Garaziko garairaino helduko gara, non erakundeak “begiratze garaia” aldarrikatzen duen, ez baitu uste ETAk bezala “su-etena” deitzeko indarrik duten. 2000. urtean itzuliko dira lau ekintza eta Ildo erakundearen aldizkariaren azken zenbakia kaleratzeko, inolako amaiera deklaraziorik egin gabe desagertu aurretik.

Liburuak argi uzten du ez zela talde armatu hutsa izan, etengabe ikusi ahalko dugu mugimendu abertzaleak sustaturiko ekimenetan parte hartu zutela barnetik eta abangoardiaren papera ukatu zutelako beti.

Irakurketa interesgarria egiten da, Eneko Bidegainen kazetari lana igartzen da idazteko moduan, baina are gehiago egiten da, txostenetan, agirietan eta abarretan murgildu beharrean, protagonistak elkarrizketatu eta haiei hitza ematen dielako historia osatzeko. Ez dira soilik azalduko IKren militante historikoak (Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste, Betti Bidart, Panpi Sainte-Marie, Christiane Etxaluz, Xan Koskarat, Gabi Mouesca…), Iparraldeko mugimendu abertzalearen beste protagonistak azalduko dira (Jakes Abeberri, Jakes Bortairu, Richard Irazusta…) eta baita haiei aurre egin zieten buru frantsesak, Charles Saenz komisarioa bezala.

Liburuak eranskin modura Ipar Euskal Herrian 70. hamarkadatik euskal talde armatuek eginiko ekintza guztiak aurkezten ditu kronologikoki, baita aldarrikatuak izan ez zirenak. Eta IKren bizitik harago heltzen da, euskarazko edizioak 2007. urte arte lurra eta etxebizitzen arazoen inguruan bereziki izandako ekintzak ekartzen baititu, Irrintzi taldeak edo “Euskal Herria ez da salgai” izenpetzen zuen talde anonimoak egin duten modukoak. Eta IKren preso eta hildako militanteen zerrenda azalduko da ere.

Liburu benetan gomendagarria hau Euskal Herrian mintzatzen diren gainontzeko bi hizkuntzetara itzuli da. 2010eko apirilean Gatuzain berak edizio frantsesa prestatu zuen (Iparretarrak, Histoire d’une organisation politique armée, ISBN 978-2-913842-55-7). Amaitzen ari den hile honetan bertan Txalaparta argitaletxeak gaztelerazkoa kaleratu du (Iparretarrak, Historia de una organización política armada, ISBN 978-84-8136-617-4). Bi kasuetan azpimarratu behar da ekintzen kronologia 2009. urtera arte luzatzen dutela.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: