AbainGoardia











{2011/08/07}   El Tercer Reich en Guerra

El Tercer Reich en guerra

Richard J. Evans

ISBN 978-84-9942-093-6

1210 orrialde

2011ko maiatza

Peninsula

 

Aspaldiko partez irakurtzen amaitu dudan lehenbiziko adreiluarekin nator (Chateaubriand falta zait oino). Kostatu da aurrera egitea, orrialde mordoa baita, baina biziki interesgarri egin da eta hein berean ere trilogiaren azken zatia amaitu dut.

Alemaniako Alderdi Naziona Sozialistaren, hots, nazien, historia, bilakaera, garapena, guda eta gainbehera biziki interesgarriak dira. Kasu. Inork ez nazala nazitzat edo filonazitzat har, oso okerrean ibiliko baita. Interesgarria da, XX. Mendeko beste mugimendu askok bezala (ikus Sobietar Batasuna) bere aroa astindu zuen (literalki), jada berriro ez zen dena berdin izan eta sortutako ondoez lazgarriak ikaspen asko utzi dizkigu.

Azken denboraldian eginiko liburuen artean nabarmentzekoak lirateke Ian Kershaw historialariak Hitlerri buruz eginiko biografia, eta Richard J. Evansek eginiko trilogia, zeinen azken atala izanen dugun aipagai.

Lehen atalak El ascenso del Tercer Reich zuen izena eta bertan aipatzen zitzaigun Alemaniaren aro modernoaren historia, Bismarcektik aurrera zuen egoera (azaletik) eta azaltzen zen juduekiko zen mesfidantza eta gorrotoa. Handik Lehen Mundu Gudako egoerara heltzen zen eta porrota heldu behar denean Alemania barnean uneko sistema aldatu eta guda amaitu nahi zuten biztanle eta soldaduek bultzatzen duten iraultza, zeinak kontseilu iraultzaileak eta gobernu eraldaketa bat ekarriko duten. Ez du luze iraungo, sozialdemokratak ezeroso ziren boterera igo zituen iraultzarekin, eta are gutxiago aristokratak. Hor hasiko dira freikorpsak lanean, iraultzaren kontrako eskuin muturreko talde paramilitarrak, zeinak izango ziren beranduago sortuko zen nazien SA taldeen oinarri garrantzitsua. Erakusten dute ere alderdi naziaren bilakaera, dituen gorabeherak, Hitlerren bilakaera, hauteskundetik hauteskundera duten hazkunde eta gainbeherak, hauteskunde geroz eta bortxatuagoak. Garrantzitsua da, liburuak erakusten duelako naziek gorakada ez zela kasualitate hutsa izan: porrotak ekarritako umiliazioa, hiperinflazioa (une batzuetan  bilioi batetik gora markotan trukatzen zen amerikar dolarra!) eta Weimarreko errepublikaren ezintasunak garatzeko jendea atsekabetzen dute eta muturreko joeretarantz doaz, naziak izanik bortitzenak. Liburuak pixkana egiten du aurrera 1933ko urtarrilaren 30an Adolf Hitler Alemaniako kantzilerra izendatzen duten arte.

Abiapuntu hura du bigarren liburuak, El Tercer Reich en el poder, hiruretan interesgarriena akaso, horrenbeste idatzi den Bigarren Mundu Gudarentzako ezinbestekoa izan baitzen Alemania naziaren garapena eta gudarako prestakuntza.

Liburu hura hasten zen aipatzen nola naziek egin zuten lehen gauza arerio politikoak deuseztea izan zela, nazionalista moderatuak, sozialdemokratak, komunistak… eta alderdi naziko segmentu ezerosoenak, batik bat Ernst Röhmek zuzenduriko eta ordura arte baliagarri izan zitzaizkien SAk.

Alderdiaren kontrolpean izateko boterea hauteskunde berriak egin zituzten, sekulako presio politikoarekin, zeinekin lortu zuten Reichstagaren (parlamentuaren) erabateko kontrola. Ordutik helduko ziren %90etik gorako babesa zituzten galdeketa susmagarriak (naziek ematen baitzituzten nahi zituzten papera eta ez zutelako aukerarik ematen bozka sekretuan hautatzera).

Juduen ordua helduko zen bizkor. Baztertuak, boikotarekin hasten da eta laster marjinatu eginen dituzten eta hasiko dira esparru guneetara eramaten hasten lehenbizikoak (aurretik atxilotu zituzten arerio politikoekin batera). Beraiek egin zuten tristeki gogoratzen den kristal hautsien gaua.

Interesgarria zen ere, Alemania naziaren kultura eta garapena erakusten baitzen, nahikoa garatu zena denbora eskasean, kultur arloan nahiko atzerakoia zen heinean (eskultura, arkitektura, margo eta musika klasikoak modernoak arbuiatuz…). Nabarmentzekoa da guda garapena, Alemaniak militarki garatzea debekatua izan zuen aroan asko garatu baitzen eta, isilpean, Sobietar Batasunean izan zelako Ejerzito Gorriaren partetik ikaspenak jasotzen eta haien lurraldeetan arma eta tanke berriak frogatzen (aliantza bitxi honen fruitu izan zen Bigarren Mundu Gudaren hasieran izan zen akordio alemaniar-sobietarra, zeinak ekarri zuen ekialdeko Europaren banaketa bi nazioen artean, Hitlerrek Sobietar Batasuna inbaditu zuen arte). Garapen horren erakusgarri izan zen gure artean alderdi frankistari eman zioten laguntza Espainiar Guda Zibilan, Gernikako bonbardaketa izanik lazgarriena. Eta laster helduko zire guda aurretiko anexioak.

Hortxe jar dezakegu trilogiaren amaieraren abiapuntua, The Third Reich at War 1939-1945: how the Nazis led Germany from conquest to Disaster. Alemaniak guda abiatu aitzina lurralde asko bereganatu zituen: Austria osoa, Txekoslovakian alemaniar biztanleez beteriko Sudeteak, eta ondoren Txekia osoa (Bohemia eta Moraviako protektoratuaren izenarekin), Eslovakia geratuz Alemaniaren menpeko zen estatu independente gisa. Naziek bilatzen zutena zen arrazaren hedakuntza, eta hartarako pentsatzen zuten beharrezkoa zutela ekialderantz zabaltzea, hango lurralde oparoetan kokatuz eta baliabideak eskuratuz.

Horrela kokatzen da Poloniaren inbasioa, 1939ko irailaren lehenean abiatua eta Guda Mundialaren abiapuntu izanen zena. Naziek Poloniaren erdia bereganatu (sobietarrek beste erdia hartuko zuten naziekin egindako akordioaz baliatuz) eta urte garaitsu baten abiapuntu izanen zen, denbora horretan Norvegia, Grezia eta, bereziki, Frantzia okupatu baitzituzten erraztasun osoz. Ingalaterra erasotzean topatzen dute beren lehen konplikazioa eta horrela guda trabatzen da urtebetez.

Poloniako lurraldeetan esperimentatuko zuten naziek okupatu zuten gainontzeko Europan (zein haren aliatuen lurraldeetan) egingo ziren jazarpenak. Gobernu orokorra deitu zuten poloniar lurraldeetan ghettoak eraiki zituzten lehenik juduak pilatzeko, bai poloniarrak, zein Alemaniatik bidalitakoak, baina laster hasiko ziren ezagun egingo zen “Behin betiko soluzioa”, alegia, erailketak egiten. Juduak ez ziren bakarrak izango, poloniar elite intelektuala lehenik, eta ondoren ijitoak, komunistak, homosexualak, transexualak, lapurrek eta amaiera bertsua izango zuten kontzentrazio esparruetako gas kameretan.

Erakutsiko digu gas kameren ideia izan zutela aurrena, borondatearen kontra, osasun mental arazoak eta ezinduei egiten aplikatzen zitzaien programetan erabili baitziren aurrera.

Mendebaldeko frontea blokatu zen, eta horrela ez segitzeko, Hitlerrek bere benetako asmoa abiatu zuen: Bizargorri izeneko operazioaren atzean zen Sobietar Batasunaren inbasioa, bien arteko akordioa bertan behera uzten zuena, 1941eko ekainean. Hasiera arrakastatsua badu ere, Napoleonen pausuei segituz Moskuko ateetaraino heltzen da, laster egoera blokatuko da ere eta atzera egin beharko dute, bide batez Kaspio itsasoko petrolio baliabideen bila joateko. Eta hor gertatzen da gudako bataila ankerrenetako eta, hein batean, guda beraren norabidea aldatuko zuen setioa: Stalingradekoa. Urtebetez ia etxerik etxe borrokatu ondoren desgasteko guda batetan, 1943ko ekainean setiatuak diren soldadu alemaniarrak errenditzen dira eta ordutik aurrera hasiko zen atzerakada eta Ejerzito Gorriaren birkonkista hasiko ziren guda amaieraraino.

Alemaniarentzat geroz eta okerrago suertatzen dira gauzak, liburuan ikusiko dugunez, bere aliatuek bizkarra eman (Hungaria, Finlandia, Eslovakia…) edo garaituak baitira (Mussoliniren Italia), eta isolamendu horretan, arerioak Reich Handiaren lurraldeetan sartzen dira, mendebaldeko aliatuek (EEBB, Ingalaterra eta Frantzia Librea) 1944ko ekainean Normandiatik sartu eta lurraldeak berreskuratzen dituztelako ere. Gainbehera denbora kontua da, baina errenditu beharrean, buru naziek zentzurik gabeko borrokarekin segitzen dute, geroz eta soldadu gazteago eta zaharragoak hartuz (Volksturmeko soldaduek hamaseitik berrogeita hamar urtera zituzten) eta errenditzean pentsatzen zuen edonor fusilatzea mehatxatuz. Alemaniak guda galduko zuen azkenik, 1945eko maiatzaren 8an errenditu eta gero, Hitler, Goebbels eta beste agintari mordoak bere buruaz beste egin eta gero (beste askok ondoren egingo zuten).

Liburu interesgarria da, ez digulako gudaz hertsiki hitz egiten. Alemaniar kulturaz ere hitz egiten du, nola gudaz, eta hurbiltzen zen porrotaz distantziatzeko, biztanleak zinema, antzezkizun eta abarretara joaten ziren. Edo morala, ikusteko nola lehen garaipenek nazien alde egin zuten mesedetik, Berlingo batailaren azken egunetara arteko gorroto testigantzak. Eta naziek kontzentrazio esparruetako presoekin egindako zientzia esperimentu mortalak.

Liburua amaitzen da gerra ondoko desnazifikazio prozesuarekin, oso interesgarria, baina nire ustez pena bat da ez aipatzea gerra ondoko lehen urteak, bi Alemanien sorreraraino 1949an alegia.

Liburuaren azken hirurehun orriak nota eta bibliografia mardulaz horniturak dira.

Obra interesgarria, pena merezi dute hiru liburuek aztertuak izatea, iragan doilor batek emandako ikaspenak ez ahanzteko.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: