AbainGoardia











{2011/08/13}   Solaris

Solaris

Stanislaw Lem

ISBN 978-84-15130-09-3

300 orrialde

2011ko ekaina

Impedimenta

 

Klasiko bat aurkezten dizuet oraingoan. Zientzia fikzioaren sailean askok idatzi dute eta zenbaitzuk nabarmendu dira, baina gutxi batzuetaz esan liteke apartekoak direla, batzuek Isaac Asimov esanen dute, Ursula K. Le Guin beste askok… Baina gehienek Stanislaw Lem aipatuko dute.

Idatzi dituen obren artean Solaris izango da ezagunena eta ziurrenik gorenena. 1960. urtekoa, beste idazle adituek bezala gai izan zen espazioaz, astronautikaz (edo kosmonautikaz) aritzeko modu erreal edo ez hiperbolikoan, bertan aurkituko baititugun objektu asko ez baitira oso urrun errealitatean erabiltzen direnetik eta garaian ez zirenak.

Eleberriak Kris Kelvin aurkezten digu, tokitan den Solaris planetan den espazio estazio ikerlariaren hiru biztanleek Lurrarekin komunikatzeari utzi dioten arrazoia aztertzera. Horietako batek, Gibarianek, laguntza eskatu dio Kelvini espreski.

Estaziora heltzen denean, Kelvin gauzak oso arraroak direla atzematen du. Egunerokotasunean laguntzeko ziren automatak deskonektatuak dira, Snaut, hiru kosmonautetako bat, isilpean zein modu paranoikoan dabil han-hemenka, Sartorius, bigarrena, ez da bere gelatik ateratzen barnean dena ez askatzeko, eta Gibarianek bere buruaz beste egin zuen lau egun lehenago.

Hiru kosmonauten izaeraren erantzule nagusia Solaris planeta da, edo hobe esanda, planeta hartan existitzen den izaki inteligente bakarra da erantzulea: ia planeta osoa estaltzen duen ozeanoa.

Eleberriaren liluragarritasunaren arrazoi nagusietakoa da gizakizko pertsonaien bilakaeraren beharrean, planetaren ezagutza egitea. Bi izarrek bereganatzeko lehiatzen duten planeta izanik, Lemek azaltzen du planetaren orbita gehiago zuzentzen duela ozeanoak izarren indarrek baino. Baina benetako interesa, Kelvinek atseden uneetan aztertzen dituen ozeanoari buruzko ikerketa eta txosten guztien irakurketa da, “solaristika” izena hartzen duen zientzia, zeinean orotariko ikerlariak ahalegintzen diren ozeanoaren sorrerari buruz, inteligentziari buruz, eta, gehien interesatzen zaiena, harekin komunikatzeari buruz ikertzen den. Horrela ikusiko ditugu alegiazko teoria zein baino zein teoria ezberdin eta kontrajarriak.

Liburuak badu mezu bat buruan sartzen dena eta normalean onartu nahiko ez genukeena: gure gaitasun eza gure inteligentzia propioa ulertzeko eta gure gaitasun eza komunikatzeko.

Izan ere ozeanoa (idei orijinala lurretik kanpoko inteligentzia ohi dugun oinarri antropomorfikotik aldentzea) bere modura komunikatzen da Solarisera hurbiltzen den ororekin, arazoa da inork ez duela bere inteligentzia ulertzen (teoriko batzuek “inteligentzia autista” bataiatzen dute Solaris) keinuak egiten dituenean: ozeanotik itxura ezberdineko masak ateratzen dira, mimoide, simetriada eta asimetriada izenekoak (itzelak egiten dituen deskribapenak), une eskasetan mantendu eta sekula ez direnak bi berdin sortzen.

Estazioan arazoak sortzen dira ozeanoak kontaktu berria egiten duenean bertako biztanleekin. Haien burmuinetan, ametsetan, subkontzienteetan sartzen da eta bertako irudiak proiektatzeen ditu. Guztiek bertan egon beharko ez luketen pertsonak aurkituko dituzte. Kelvinek, besteak beste, hamar urte lehenago bere buruaz beste egin zuen bere emazte Harey jasoko du eta gatazkan sartuko da bai bere buruarekin, zein Snaut eta Sartoriusekin, Harey berri hartaz maitemintzen baita.

Askok segitu izan dute gehiago tramaren bigarren mailako gertakari hau. Besteak beste, ez da ahantzi behar honen ardatz nagusi direla eleberriari egin zaizkion zine mundurako bi moldaketak, 1972, urtean Andrei Tarkovsky zuzendari sobietarrak egin zuen hiru ordutako film bitxia, eta 2002. urtean Steven Soderberg zuzendariak egindako ordu t’erdiko moldapena (George Clooney azaltzen zena, soinu banda oso eder batek gidatua). Eta ez da harritzekoa, zientzia fikzioa irakurri ohi ez dutenei (nik neuk ez dut gehiegi irakurri) eta Lemen obra ezagutzen ez dutenei solaristikaren eboluzioa zein simetriada eta asimetriaden deskribapenak pisu egin dakizkielako.

Edonola ere, nik biziki gomendatzen dut liburua, klasiko bat baita, eta Lemen munduan sartzeko aukera ederra (oso gomendagarriak dira bere “XXI. Mendeko liburutegia” izenarekin ezagun diren liburuak, Vacío perfecto, Provocación eta Magnitud imaginaria okertzen ez banaiz, zeinetan asmaturiko liburuen aipamenetik abiatuz ikaragarrizko gogoetak egiten dituen). Oso bikaina da gainera aurten Impedimenta argitaletxeak egin duen edizioa bi arrazoirengatik: lehenbizikoz itzuli dela gaztelaniara jatorrizko poloniarretik edizio frantsesetik baino (eta ba omen dira ñabardurak), eta bestetik, argitaletxearen zigilu den aurkezpen ikusgarriagatik, edizio guztietan lortzen baitute liburuak begietatik sartzea.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: