AbainGoardia











{2011/08/16}   Memorias de ultratumba

Memorias de ultratumba

François-René de Chateaubriand

ISBN 978-84-96489-32-5

2846 orrialde

2006ko otsaila

Ediciones Acantilado

 

Azkenik! Sei hilabete eman dit liburu hau irakurtzeak. Aitortuko dut ez dudala jarraian irakurri, zereginek beste liburu ezberdinak irakurtzera behartu naute eta, zinez, begiak freskatzeko beharra nuen beste irakurketekin. Baina behintzat esan ahal dut ezinbesteko obra hau irakurri dudala.

François-René de Chateaubriand (1768-1848) bizkonde bretainiarra bere garaiko pertsonai ospetsua izan zen. Bere ibilbide literarioak (gazte utzi zuena) belaunaldi asko eragin ditu eta izendatua izan da XIX. Mendeko erromantizismo mugimenduaren aitzindaritzat. Politika aldetik, adierazpen askatasuna eskatu zuen behin baino gehiagotan, baina gizon ultramonarkikotzat joa izan zen memoria hauetan irakur daitezkeen zenbait pasartetan bertan, ezorekan zen Estatu Frantses batean.

Mémoires de outre-tombe hauen baliagarritasuna da hain zuzen gizon honek bizi izan zuela aro baten amaiera, Erdi Aroari segitu zion Antzinako Errejimenarena hain zuzen, Estatu Frantsesean gorpuztu zena Iraultza Frantsesean eta hari segituko zioten gobernu mota guztiak: Biltzarra, Konbentzioa, Direktorioa, Kontsulatua, Inperioa, Borboien monarkiaren itzulera eta Orleanseko Luis Feliperen monarkia 1830eko uztaileko iraultzaren ondoren. Pena da gizonak ez zuela idatzi bizi izan zuen azken uneari buruz: 1848.an iraultza berri bat izan zen Frantzian, eta bera hile batzuk beranduago zendu zen.

Memorien inguruan gauza asko esan dira. Oso pobre izanik (1830. urtean ez zuen onartu Luis Feliperi fideltasuna zin egitea eta ondorioz bere ibilbide politikoa amaitu eta gainontzeko urteak biziko zituen zorrek itota) 1811. urtean idazten hasi zen bere memoriak saltzera behartua ikusi zuen bere burua urteroko pentsio baten truke. Jarri omen zuen baldintza bakarra izan zen memoriak bera hil ondoren argitara zitezen, eta eskubideen jabeen aldaketarekin hau bete ez zela ikusia, kontakizunek diote bere emazteari agindu ziola memoriak suntsitzea bera hil eta gero.

Memoria hauen luzera bere familiaren erroetatik 1836. urte ingurura doaz, berak defendatu zuen Karlos X. azken erregearen heriotzarekin. Edizio ezberdinak daude hainbeste bizipen banatzen dituztenak (berrogeita bi liburu edo atalez ari gara orotara), baina edizio onena akaso Acantilado argitaletxeak argitaratutakoa da, 1989. urtean Jean-Claude Brechetek eginiko bertsioan, testu osagarri, bere unean Chateaubriandek bazterturiko atalak eta nota mordoekin. Acantiladok era berean bi edizio egin zituen, bi tomotako bat (85 euroen inguruan) eta “poltsikokoa” (lau tomo kaxa batetan eta 39 eurotan). Nik azken edizio hau erabili izan dut eta agian bada Chateaubrianden ibilbidea hobekien sailkatzen duena.

Lehenengo tomoak bere familiaren erroetatik Napoleonen Kontsulaturako ibilbidea egiten du. Bertan ikusten dugu ia obra osoan errepikatuko den egoera: memoriak hogeita hamar urtetan zehar idatziak izan zirela eta toki anitzetan, horrek dakarren sentsazio eta sentipen ezberdinekin.

Lehenengo honetan umiltasuna sumatzen dut bere aldetik, akaso pertsonai politikoa oraindik ez baitzen erabat egin 1811. urtean. Liburu honetan beti ikusten dugu bere burua hutsaren hurrentzat ikusten eta modu katastrofikoan ere (urperatze batetik libratu omen zen Ameriketatik itzultzean, eta larriki zauritua izan zen Frantzia iraultzailearen kontra). Bretainiaren historia aristokratiko bitxia ezagutzen dugu, zeinak behartzen duen beti ondorengoak aitak baino jabetza eta titulu baxuagoa izatera (hortik bizkonde izatea). Gaztetan armadan sartuko da, Nafarroako erregimentuan eta Luis XVI.a ezagutuko du. Frantziar Iraultza heltzen denean zurrunbiloaren erdian topatuko da eta Biltzar Nazionalean parte hartuko du, monarkia konstituzional baten alde eginez. Iraultzaren gorabeherek behartua (terrorearen garaia heltzear zen) ihes egiten du Ameriketarantz ia bere familia osoak pairatuko dituen exekuzioetatik libratuz.

Ameriketan izandako bidaien bilduma liluragarria irakurri ahal izango dugu eta bertan ikusiko dugu literaturarako bere dohaina eta zergatik jotzen duten erromantizismoaren aitzindaritzat, egiten baitituen deskribapenak itzelak baitira.

Luis XVI.aren dekapitazioaren berri duenean Europara itzultzen da erbesteratuen armada errealistan parte hartzeko Frantzia Iraultzailearen armadaren kontra. Garaituak, Chateabriandek kontatuko digu nola larriki zauritua izan zen Thionvilleko batailan eta handik kostata helduko zela Ingalaterrara bere idatzien eta frantses ikastaroen bitartez bizirauteko. Aipagarriak dira Iraultzaren hamar urteen bere analisia, Napoleonen estatu kolpea arte Iraultzaren VIII. urteko brumarioaren 18an (1799. urteko azaroaren 9an).

Bigarren tomoa da nire ustez lauren artean interes gehien sortzen duena. 1800. urtean abiatzen da, identitate faltsu batekin itzultzen denean Frantziara. Garai hartan lehen kontsula ezagutuko du, Napoleon, alegia, eta haren laudorioa jasoko du El Genio del Cristianismo idatzi berria baitzuen eta biziki eraginkor izango zen orduan berpizten ari zen fede katolikoaren alde Iraultzak bultzaturiko abolizioaren aurrean. Garai horietan ere idatzi zituen bere beste hainbat obra Les Natchez, Atala edo René.

Napoleonek sortzen zion lilura zela eta (urte zalapartatsuen ondoren gobernu sendo eta burdinezko bat osatu baitzuen enperadoren bilakatu aurretik) haren alde egin zuen hasieran eta Erroman zuen enbaxadako idazkari izendatua izan zen, Le Valaisen ministro izan aurretik. Ordea, mirespen hau desegingo zen Enghieneko dukea eraila izan zenean Borboien oinordekoak desagerrarazteko asmoz. Karguak utzi eta arerio bilakatuko zen, baina Inperioaren denbora handia baliatu zuen Mediterraneo inguruko herrietan bidaiatzeko, Grezia, Turkia, Palestina, Egipto eta abar zeharkatuz Estatu Frantsesera itzuli aurretik Estatu Espainiarretik. Bidai hauen inguruko liburu ezaguna egingo zuen eta memoria hauetan pasarte txikiak besterik ez dira azaltzen, argitaragabeak gehienbat (bere morroiaren egunkariaren kasu).

Nabarmentzekoa da Napoleonen Inperioaren aroaren deskribapena, non Europa ia osoa eskuratu zuen esfortzu askorik gabe, kiskalitako Moskura heldu zen arte. Ordutik pixkana gainbehera egin zuen eta helduko zen 1814. urtean abdikatu behar izan zuen arte arerioek Paris okupatu ondoren. Garaileek Elbako uhartean konfinatuko zuten eta ez zen handik aterako 1815eko otsailean ihes egin eta Parisera heldu arte Inperioa aldarrikatzera berriro.

Epe horretan Estatu Frantsesean monarkia borbonikoa itzuli zen, Luis XVI.aren anaia egingo baitzen manatzaile Luis XVIII. izenarekin (tartean, Iraultza garaian, lehenaren seme izan zen tituluz errege, Luis XVII. Bezala, baina sekula ez zuen estatua zuzendu eta hamar urterekin hil zen presondegian). Chateaubriand bere ministro izan zen garai horretan, baina monarkiaren berrezarpenak horren ospe txarra izan zuen, zilegitasuna eman ziola herriak Napoleoni itzultzeko. Chateaubriandek erregeari Parisen geratzea aholkatu zion enperadoreari aurre egiteko, baina Ganterantz ihes egin zuen eta, harekin, gure protagonista.

Tomoaren amaieran Ehun Egunen aroa bezala ezagutua izan zena azaltzen digu protagonistak bi ikuspegitik: Napoleonek berriro gobernatu zuen ehun egunen ingurukoa Waterlooko borrokan galdu aurretik (epe hauetan askatasun gehiago eman zituen enperadoreak zilegitasun bila); eta Ganten erbesteratu ziren monarkistena, alegia, berea eta bertan izandako gorabeherak. Bigarren tomo hau Napoleonen azken urteekin amaitzen da. Hots, zati honen interes handiena da Napoleonen biografia paregabea egiten duela bere autobiografiaren baitan.

Hirugarren tomoak monarkia borbonikoaren berrezarpena hartzen du, 1815. urtetik 1830.eko uztaileko Iraultza arte. Bi subirano izan ziren denbora horretan, Luis XVIII. (1815-1824) eta Karlos X. (1824-1830).

Zati honetan Chateaubriand politikoa ezagutuko dugu, Senatuko Parea izan baitzen eta bertan diskurtsoak egin zituen bai adierazpen askatasunaren alde, nola monarkia irmoago baten alde (Luis XVIII. moderatutzat jo omen zen), Instituteko akademikoa, Londres eta Berlinen enbaxadore eta, azkenik, errege honen pean Atzerri Ministro izan zen, kargua utzi behar izan zuen arte Espainiaren kontrako gerran aritu ondoren.

Luis XVIII. hiltzen denean Karlos X. anaia heltzen da, zeinak monarkia absolutura egiteko nahikeriak agertzen dituen. Haren enbaxadore bada ere Erroman, ez dio grazia handirik egiten Chateaubriandi, adierazpen askatasuna eta konstituzioa aldarrikatzen baititu liburuxka ezagun batetan (La Monarquía según la Carta). Baina, ironia, 1830. Iraultza pizten denean Karlos X.aren dekretu murriztaile baten kontra, iraultzaileek besoen artean hartzen dute eta gobernu berriaren gizonen aurrean jartzen dute. Luis Felipek aholkua eskatzen dio, behin Karlos X.ak eta haren seme Luisek abdikatu ondoren (legitimistek Luis XIX.tzat dute, abdikatzeko erregea izan behar baiten argudioan) ea zer egin beharko lukeen. Chateaubriandek esaten dio, garaian Orleanseko dukeak Luis XV.arekin egin zuen bezala, bera jartzea erregeorde Karlos X.aren biloba Enrike adineko izan artean. Baina Luis Feliperi errege izateko nahiak atzematen zaizkio. Luis Felipe I. izendatua denean Senatuko pare guztiei bezala harenganako fideltasuna zin egitea eskatzen zaio eta ukatzen du, ontzat hartzen baititu soilik edo azken unera arte borrokatu zuen Karlos X. edo Enrike V. deitzen duen biloba. Hor amaitzen da bere ibilbide politikoa eta hirugarren tomoa. Nahiko pisutsu egin zait, lehengo tomoaren umiltasunetik ia soberbiara pasa baigara, hirugarren tomo honetan askotan irakurriko baitugu “ni, ni, nire… nire, nire, ni…”. Ematen du Frantzia ez zela ezer bera gabe.

Azken tomoa, esan bezala, Karlos X.aren heriotzaraino joaten da. Ezberdintasun nagusia gainontzekoekin alderatuz da uneko egunkaria dela, distantziarekin idatzia izan beharrean. Bertan ikusiko dugu nola legitimistak saiatzen diren monarkia orleanista xaxatzen. Adierazle nagusia Berryko dukesa da, Enrikeren ama, gobernu bat egiten saiatzen dena eta Chateaubriandi eskaintzen dio burutza, semearekiko leialtasuna dela eta. Ez du onartuko irreala iruditzen zaiolako, baina preso izanen da epe motz batez. Ondoren, Berryko dukesak bere alde egin dezan eskatzen dio Pragan erbesteratua den Karlos X.aren aurrean eta horrela gizonaren azken bidaiak ikusiko ditugu, Pragara, Parisera berriro, Veneziara ondoren, eta beste behin Pragara. Berriz ere nabarmentzen dira bere bidai kroniken deskribapenak.

Tomoa amaitzen da bere biziaren eta munduaren ehun urteren historiarekin, non gainontzeko aurkari guztiak, ezkerrekoak bereziki, hutsaren hurrengo utzi nahi dituen bere aburuz ezinezkoa den sistema igualitarioa bultzatzeagatik, eta non esaten duen kristautasuna dela munduan ezarriko den neurri justu bakarra. Hobe aipurik ez egitea.

Edonola ere, esan behar da obra hau itzela dela. Irakurle porrokatua bazara neuk baino askoz bizkorrago irakurriko duzu, baina bestela neuk bezala epeka egitea gomendatuko dizut, politikoki hurko ez bazen, aro baten isla bikaina egin zuelako. Gizon honen gorpua Bretainiako Saint-Malo bere jaioterriko Grand Be uhartean dago, zeinera hel daitekeen soilik itsasbehera denean. Toki ederra izan behar du…



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: