AbainGoardia











{2011/09/25}   Breve historia del anarquismo vasco

Breve historia del anarquismo vasco

Desde sus orígenes hasta el siglo XXI

Jtxo Estebaranz

ISBN 978-84-7148-485-7

190 orrialde

2011ko Uztaila

Txertoa

 

Anarkismoa letra larriez idatzi beharrezko mugimendua da, beste hainbat mugimenduk bezala, izan daitezkeen desadostasunak desadostasun, egin duen ibilbideak eta gizartea justuago eta guztientzat berdin bilakatzeko egindako saiakera iraultzaileek ez baitute besterik merezi.

Pixkana, anarkismoak euskal lurraldeetan izandako eraginak interesa piztu du. Hasieran testu gutxi atzeman zitezkeen, eta asko euskal militante anarkisten memoriak (Manuel Chiapuso, Casilda Hernaez…) edo biografiak ziren (Felix Likiniano, Lucio Urtubia…). Anarkismoari buruz izandako ikerketa orokorrak gutxi izan dira, baina pixkana agertuz joan dira. Orain bi urte hemen bertan aipatzen bagenuen Gatazka Guneak Alfredo Velasco historialariaren El Hilo negro vasco, zeinean euskal anarkismoaren lehen berrogeita hamar urteak aurkezten zituen gutxi gora behera (aurki prest izango dute euskal anarkistek Guda Zibil espainiarrean izandako rolari buruzko liburua), gaurkoan historia osoa biltzen duen liburua ekartzen dizuegu.

Jtxo Estebaranz idazle militantea, bere ibilbidearekin lotua izan den mugimendu autonomoari buruz aritu da orain arte. Felix Likiniano Kultur Elkarteko partaide bezala, konpilatzaile edo argitaratzaile bezala azaltzen zaigu Komando Autonomoak. Sasiaren arantzakada eta El hilo negro de los noventa liburuetan, eta bere izenean kaleratzen dira Tropikales y radikales. Experiencias alternativas y luchas autónomas en Euskal Herriak (1985-1990) eta, Muturreko Burutazioak argitaletxean, Los pulsos de la intransigencia. Oraingoan mugimendu autonomotik hain urrun ez den anarkismoaz hitz egiten digu.

Izenburuak dioen bezala, istorio motza egiten du (aski da orrialde kopurua ikustea), baina sintesi horren baitan argi hitz egiten du, oso ulerkor (Jtxoren gabezietako bat izan da aurreko zenbait idatzitan oso korapilatsu izana, haria segitzea zailtzen zuena), liburuaren osotasuna oroitu egin dit Argentinan argitaratzen duten Para principiantes saila (Anarquismo para principiantes, Marx para principiantes, Bukowski para principiantes, Foucault para principiantes…).

Liburua hamar gai eta hamaika ataletan banatzen da. Gaiak deitu dituen bakoitzean anarkismoari buruzko oinarrizko tesia edo kontzeptuak azaltzen dizkigu oso motz, hala nola, anarkismoa eta feminismoa, I Internazionaleko taldeen banaketaren zioa, anarkismoa eta askapen nazionalen mugimenduen tirabira edo gertutasunak, A borobilaren sorrera, anarkismo berriak (anarko-primitibismoa, anarkismo ontologikoa…)… Gai asko aldez aurretik ezagutzen direnak, eta beste asko bertan ezagutu ahalko dituzunak.

Hamaika ataletan zehar, gutxi gora behera, anarkismoa hamarkadatan banatzen digu, egia baita, ikusi ahalko dugunez, hamar urtetik hamar urtera anarkismoak paper ezberdinak izan zituela. Hasieran Ideiaren hedakuntza, aktibismoa, lehen klandestinitate aroa, laster Francisco Ferrer i Guardia anarkista handiaren itzalari jarraituz Eskola arrazioanala sortuko da Irunen, lehen agerkariak, CNTren sorrera, Primo de Riveraren diktadurapean klandestinitate eta gorakada kulturala, II Errepublikaren aktibismo iraultzailea, Gerraa Zibileko papera, deserriko bizimodu eta banaketak, Francoren diktadurako aktibismoa, Trantsizioa deitu zuten horren barneko militantzia, CNT eta CGTren arteko banaketa, 90. hamarkadako talde berriak eta iragan hamarkadan hedaturiko korronte berrien inguruko mugimenduak. Guzti hori aurkituko duzu hamaika ataletan.

Atal bakoitzaren amaieran militante anarkista esanguratsuren bat aipatu du, epistola baten modura eta  nahiko polita zenbaitetan. Bertan sumatzen da gehien euskal lurralde osoak hartu izana, testuan zehar gehiago aipatua baita egungo EAEko lurraldeetan izandako mugimendua, Nafarroan, eta are gehiago, Ipar Euskal Herrian izandako mugimendua baino. Biografia txiki moduko hauetan ordea lurralde guztietako militanteak ikusiko ditugu, eta horren lekuko, liburua hasten duen Agosti Xaho zuberotarra eta liburua ixten duen Marc Legasse lapurtarra, edo Gregorio Suberbiola nafarra. Salbuespen bakarra Michele Angiolillo italiarra da, zeinak bere txokoa duen euskal anarkismoaren historian, 1898. urtean Montjuiceko prozesuan zigorturiko anarkisten mendekuz Arrasateko balnearioraino joan zelako eta bertan Canovas del Castillo Espainiako presidentea hil zuelako. Ondoren epaitua izanen zen eta Bergarako espetxean hilko zuten (Germinal! edo “hazi berriak sortuko dira” izan zen bere azken aldarria. Mende baten buruan espetxe horretan bertan Bergarako Gaztetxea da, eta Angiollok bere azken orduak pasa zituen ziegak egun bere izena daraman liburutegia babesten du). Baina badira beste hainbat protagonista ere: Vicente García, Horacio Martínez Prieto, Galo Díez, Isaac Puente, Manuel Chiapuso, Casilda Hernáez, Félix Likiniano…

Lehenbiziko atalak irakurtzean dejá vù sentsazioa izan dut, asko oroitu baitit Alfredo Velascoren liburua eta batzuetan hura berrirakurtzen ari nintzela iruditu zait. Baina ez da harritu behar, azken finean historialariak aurreko testuetan murgiltzen dira (Alfredok berak egin zuen bezala).

Liburu oso interesgarria da, ez soilik anarkismora hurbiltzeko belaunaldi berri eta ezberdinak, baita gogoratzeko ere Euskal Herrian dena ez dela abertzale eta sozialista izan, eta gure Historiaren atal ez hain ezagun baten berri izateko aukera paregabea, hortik aurrera, interesa zaionari, sakondu ahal dezan haren ezagueran. Edo bera ere parte izan dadin.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: