AbainGoardia











{2011/10/27}   La Cosa (The Thing)

The Thing

Zuzendaria: Matthijs van Heijningen Jr.

Antzezleak: Mary Elizabeth Winstead, Eric Christian Olsen, Joel Edgerton, Ulrich Thomsen, Jonathan Walker, Dennis Storhoi, Kim Bubbs, Stig Henrik Hoff eta

Gidoia: Eric Heisserer eta Ronald D. Moore

 

Dei nazazue friki, ulertuko nuke. Askok esango dute aurten estreinatu duten The Thing klasikoaren bertsio berriak ez duela ia entretenimendurako ere balio eta John Carpenter zinemagilearen maisulanetik urrun dela (beste batzuek ere ez dute maisulantzat izendatuko John Carpenter’s The Thing). Ez diet arrazoia kenduko erabat, baina ez diet emanen ere.

Hasteko, ez dakienarentzat, pelikula ez da remake klasiko bat, hori ekiditeko modan diren jarraipen edo aurrekariei segituz, John Carpenterren filmak  kontatzen zuen istorioaren (izaki estralurtarraren agerpena Kurt Russellek antzeztu zuen Mac Ready pilotuaren Antartidako estatubatuar ikerkuntza basean) aurreko asteko gertakizunak kontatzen ditu, Gauza (Thing) orijinalki aurkitu zuen ikerkuntza base norvegiarrari gertatutakoa deskribatzen digu, 1982ko negukoak.

Halako proiektuetan (remake edo urte mordoen ondoren pertsona oso ezberdinek proiektu arrakastatsu bat berrabiatzea) huts egin izan dute sarri (proiektua zaharberritzen dutenek ezik, Christopher Nolanek orain arte Batmanekin egin bezala) gidoian, sarritan inkoherentzia txiki zein handiak eginez, eta film honi halakoak egiteaz leporatu diote ere. Nik ordea alderantziz esango nuke, film honek koherentzia handia mantentzen du orijinalaren segida (edo aurrekari) gisa, are gehiago, publikoak klasiko handitzat deitu dituzten saioek inkoherentzia handiago eta mingarriagoak sortu dituzte (adibide argiena, ene ustez, guztiz zentzugabeko burugabekeriez hornituriko Lost saila, zeinekin, zorionez, partekatzen duen gauza bakarra da Adewale Akinnuoye-Agbaje aktorea, Mr. Ekoren papera egin zuena). Lotura oso ongi finkatzen du (hogeita hamar urtetan izandako baliabide teknologikoak alboratuz efektu berezien aldean), behin film hau ikusita Carpenterren orijinala ikusteko segituan (ez diot orijinala ikusi duen inori bertsio honen amaiera zapuztuko esaten badut etena heltzen dela Carpenterren abiapuntutik, alegia, norvegiar estazioan geratzen diren bi pertsonek helikopteroa hartu eta zakur itxura hartu duen Gauza tiroka segitzen dutela helikopteroan). Are gehiago, inkoherentzia handi bakarra ikusi diot nik: 1982ko filmean amerikarrek bideo bat ikusten zuten non irudikatzen zen norvegiar taldea zulo bat egiten izotzean Gauzaren espazio-ontzia azaleratzeko, eta bertsio honetan zuloa ontzi berak sortzen du Gauzak ihes egin nahi duenean. Gainontzeko xehetasun guztiak (Snowcat ibilgailuak, granadak, su jaurtitzaileak, paretan uzten duten aizkora, lurrean topatzen Gauzaren gorputz kiskalietako bat, irratiaren aurrean zainak zein lepoa mozturiko norvegiarra, Gauzak ihes egiten duen izotz laukizuzena…), dena, Mac Readyk bertsio zaharrean topatuko duen bezala uzten dute gidoilariek.

Mary Elizabeth Winstead

Hortik aurrera konparaketak egin ditzakegu bi bertsioen artean (saihestezina), eta, bertsio hau duina bada ere, Carpenterrenak irabazten du. Izu eta suspentse film bezala baditu ezaugarri guztiak: iluntasuna (norvegiar estazioarekin alderatuz, amerikarrek argiaren faktura ordaindu ez zutela zirudien), klaustrofobia eta beldurra sorraraztea ez Gauzaren agerpenekin, haren ez ikusteak baina haren etengabeko presentziak sortzen zuena (gogora dezagun Gauzaren abilezia dela bere biktima liserituz imitatzen duela, ondorioz, inork ez daki ondoan duena gizakia ala Gauza ote den), paranoia. Matthijs van Heijningen Jr. danimarkar zuzendari hasi berriaren bertsioak baditu hauen zenbait osagarri lortzen dutenak suspentsea eta izu apur bat sortzea, baina beste modu batera. Oraingoan Gauza ia exhibizionista hutsa baita, uneoro eta itxura oso ezberdinetan ikusiko baitugu, horrenbeste gustatzen ez zaidana. Eta, orijinalean ikusten denaren aurka, non gizakiak ongi imitatzen dituen, eta inteligentzia erakusten duen baina ez komunikatzeko nahi handia, norvegiarren estazioan beste edozein pertsona bezala azaltzen da hitz eginez, eta baita edozein gizaki bezain kabroi azaltzen da.

Adewale Akinnuoye-Agbaje eta Joel Edgerton

Istorioari lotuz, Antartidan den norvegiar ikerlari talde batek seinale arraro bati jarraiki ehun mila urtez izotz pean lurperatua den espazio-ontzi bat eta hartatik gertu haren bidaiaria aurkitzen ditu. Sander Halvorsen doktoreak Kate Loyd paleontologoarengana jotzen du ikerkuntzan laguntzeko (pertsonaiak Alien sagako Ellen Ripleyren moduko rola beteko du). Aurkikuntzara heltzen Gauza bere presondegitik aterako dute izotz bloke batetan, baina hura desegin eta ihes egingo die, ordutik aurrera hilketak pairatuko direla eta ohartuko dira Gauzak irensten duen pertsona imitatu eta haren rola jokatzen duela, gainontzekoek ez dutelarik jakinen nor den pertsona eta nor gauza. Paranoia horretan probak egiten saiatuko dira, odol kutsatua bilatzen, Carpenterren bertsioan bezala, edo, nobedadea, Kate ohartzen denean Gauzak ezin dituela gure baitan ditugun objektu bizigabeak mimetizatu, hortzetako enpasteak bilatuz.

Historiara pasako da filma? Ez. Urteko filma izango da? Inondik ere. Ez du deus balio? Ezta. Film entretenitua da eta suspentsea badu, ez John Carpenterren klasikoak bezainbeste, baina nahiko lukete beste askok halakorik izatea. Ordutik aurrera ez dituzu zakurrak berdin ikusiko.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: