AbainGoardia











{2011/11/08}   La Gesta traicionada

La Gesta traicionada

Los anarquistas vascos y la Guerra Civil en Euskal Herriak

(Julio 1936 – Junio 1937)

Alfredo Velasco Núñez

ISBN 978-84-615-4020-4

368 orrialde

2011ko Urria

Gatazka Gunea

 

Dagoeneko zenbait argitarapen kaleratu dira euskal anarkisten inguruan, sentitzen zen hutsune bat betez. Bere unean aipatu genuen, esaterako, segituan mintzagai izango dugun Alfredo Velascoren El hilo negro vasco liburua, eta berriki ere aipatu dugu Jtxo Estebaranz eta bere Breve historia del anarquismo vasco.

Aurreko liburuan euskal anarkismoaren lehen hirurogei urteak aipatzen baditu gutxi gora behera, Alfredo Velascoren liburu berriak urte bakarra aipatzen du, baina a ze urtea! Espainiar Guda Zibilari buruz asko idatzi bada, eta anarkistek egindako Iraultza Sozialaren saiakeraz ere asko ikertu bada ere, ez da horrenbeste aipatu euskal anarkistek hain data erabakigarrian izandako papera, ez badira protagonistek lehen pertsonan idatzitako zenbait memoria (aipagarrienak Manuel Chiapusorenak lirateke).

Liburua bi atal ezberdinetan bana liteke. Lehen atalean, liburuaren ardatz nagusiak erditik banatzen dituen 110 orrialdeetan, borroka beraren gorabeherak ikusi ahalko ditugu, eta bertan ohartuko gara anarkistek ezinbesteko papera jokatu zutela Gipuzkoan bereziki, non militante gehien zituzten (mila militantetik gora zituzten soilik Pasaiako arrantzaleen artean Avance Marino sindikatuan). Faxisten Altxamendua burutu zenean haiek izan ziren kalera ateratzen lehenak eta, armak falta bazituzten ere, segituan antolatu ziren Eibarrera haien bila joateko, Tolosaldean industria belikoa sortzeko, mugan heltzen hasten ziren erreketeei aurre egiteko eta, hiru egunez, ia bakarrik, Donostian bertan Loiolako koartelean, Maria Cristina hotelean eta beste puntutan gotorturiko faxisten kontra borrokatzen (anarkistei lagunduko zieten laster komunistak zein ANVko militanteak, PNVkoak aginduen zain zeuden artean) aritu ziren. Haien prestutasunari esker garaitu zuen Donostiako herriak Altxamendua.

Baina lehen egunetako zapore gozoak segituan desagertzen dira. Gogora dezagun Altxamendua burutzean, bando nazional faxistak alderdi errepublikar leialak baino eremu gutxiago lortu zituela, baina Estatuko Iparraldea isolaturiko utzi zuen, Bizkaia, Gipuzkoa, Kantabria eta Asturies inguratuz. Eremu hura baliabide eta armez hornitzeko puntu ia bakana Irun eta Hendaia arteko muga bilakatu zen, laster itsasontzi faxistek blokeatuko baitzuten itsasoa. Ondorioz, Mola jeneralak zuzenduriko gudaroste eta erreketeek helburutzat hartu zuten Irun hartzea. Haren defentsan anarkistak gogor eta temati arituko ziren, ia bi hilabetez eutsiz bizitza ugari sakrifikatuz, armak eskasak baitziren. Baina, azkenik, faxisten aurreratze etengabea eusteko gaitasunik gabe, atzera egin behar izan zuten Irun eta muga haien eskuetan utziz, aurretik, ezaguna den lur erre edo tierra quemada delako politika jarraituz, herria sutan jarriz haren baliabideez jabetu ez zitezen etsaiak (egundoko kritikak jasoko zituzten jeltzaleen partetik). Irungo atzera egiteak azkartuko zuten Donostiaren erortzea eta errefuxiatu ugarik Bilboko bidea hartuko zuten.

Sei hilabete inguruz frontea egonkortuko zen Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan eta, bitartean, Euzkadiko Autonomi Erkidegoa sortuko da, Jose Antonio Agirre izanik lehen lehendakaria, eta Euzko Gudarostea sortuko zen, zeina hainbat milizia anarkistetatik elikatu eta, militarizatuak, batailoietan bihurtuko ziren (Bakunin, Celta, Malatesta, Isaac Puente, Sacco y Vanzetti…). Artean CNT ere ahaleginduko zen, Catalunya zein Valentziara mugituriko Gobernu Zentralean bezala, Jaurlaritzan parte hartzen, baina Agirrek ez zien utziko.

Iparreko fronteko behin betiko borroka pizten duenean Molak, anarkistek, Agirreren agindupean, gogor borrokatu eta eusten ahaleginduko dira, baina Burdinezko Lerroa hausten denean (diktadurapean Talgo trenaren sortzaileetako bat izango zen lerroaren diseinatzaile Alejandro Goicoechea injeniariaren traizioari esker) guztiek ihes egin beharko dute Santoña bidean, Bilbo faxisten esku utziz. Ikusi ahalko dugu ere euskal anarkistek Iparreko frontearen amaiera arte egindako erresistentzia, zenbaitzuk Asturieseko porroteraino erresistentzia eman baitzuten.

Baina liburuaren ardatz nagusia erdiko berrehun orrialdeetatik gora aurkituko dugu. Bertan egileak CNT del Norte egunkariak 1936ko abendutik 1937ko ekainaren 16ko azken zenbakiraino argitaraturiko editorial eta artikuluak ikertzen ditu askok egin duten galdera erantzun nahian: Zergatik ez zen Iraultza Sozial saiakerarik izan euskal lurraldeetan? Testuetan ikusi ahalko dugu nola ia garai berean Estatuko anarkista garrantzitsuenek lehenik guda eta ondoren iraultza burutzea aldarrikatzen zutenean (denbora emango ziena zenbaitzuk temati aldarrikatu baitzuten biak une berean egin zitezkeela), hemen esan zela, baina aurrera eraman behar izan ez zela, saiakera seriorik egin ez zelako. Egileak aipaturiko testuen artean ikusi ahalko ditugu Iraultza Sozialaren inguruko kontzeptu teoriko ugari (munizipalizazioak, kolektibizazioak, indibidualismoa, komiteak…), praktikan ezer bultzatu ez zelako; eta bestetik abangoardian zein atzeguardian jendea militarizatu eta gudaren inguruan antolatzeko deiak aurkituko ditugu. Laburbilduz, gudak iraultza gogoak zanpatu zuen sortu baino lehen, Iparreko frontearen egoera makalak behartua, pentsa liteke.

Zati hau da liburuaren mamia (bi heren inguru suposatzen du), eta Historia ikerlarientzat gozagarri egingo da. Arazo gehiago suposa dezake gainontzekoentzat, interesgarri izan daiteke, baina bestetik OSO luzea egin daiteke. Informazio piloa da, sarritan nahasi egiten dira narratzailearen eta artikuluen testuak, iraganera pasatzen baititu, akaso El Correo Españolek abertzaleen inguruko albisteekin egiten duten bezala hainbeste komatxo mingarri ez jartzeko, eta zenbaitetan informazioa errepikatzen dela ematen du.

Esan behar dugu argitaletxe zein egileak esfortzu bat egin dutela lan txukuna osatzeko, aurretik kaleraturiko El hilo negro vasco obrarekin alderatuz, zeinak akats tipografiko batzuk zituen lehen edizioak eta ados ez ginen kontzepturen bat, lehen edizio hau zainduagoa izan da. Alor tipografikotik behintzat bai. Eta eskertzen da, aurrekoan ez bezala, Nafarroa aipatzea oraingoan (nahiz eta Araban bezala, faxistek Altxamenduan bertan garaitu zuten nafar eskualdean, egileak aurreko urteetako mugimendu anarkista azaldu eta hauek pairatutako errepresioa azalduko digu arin).

Baina hala ere baditu gabezi batzuk, ez dakizkigunak presengatik izan diren batzuetan eta bestetan zertxobait larriagoak iruditzen zaizkigu. Arinak izango liratekeenak dira izen batzuen inguruan, esaterako, ELA sindikatuaren gaztelerazko izenarekin zoriz aldatzen da SOV eta STV artean, agian, 1933 arte SOV deitu zelako eta ordutik aurrera ELA-STV izena aldatu zen, alegia, oso gertu zela izen aldaketa eta orduan idazten zutenek izen bat zein bestea erabiltzen zuten. Beste gauza bat da errepikapen etengabeak. Egileak, esan bezala, artikuluak hartu eta moldatuz iraganera pasaz artikulu mordoa pilatzen ditu eta gainera zalantza sorrarazten du asmatu nahi duzunean zein den egilearen ekarpena eta zein artikuluaren testua. Horrela gertatzen da “España” hitz madarikatuarekin, artikulu batean behin aipatzen denean ez dirudi hain larria, baina España birritan aipatzen duen hogei artikulu bata bestearen atzetik jartzean, zer nahi duzue esatea, nekatzen du azkenik.

Eta gero badira ene ustez okerrekoak diren esaldiak. Egileak pasarte batean aipatzen du gutxi gora behera “Gudan bi uneko bi totalitarismoek egin zuten aurre, faxismoak eta komunismoak”… Ene! Bada aldea estalinismo eta komunismoaren artean hi! Ez zara komunismoarekin ados izan behar (beste ideologia askorekin bezala), baina komunismoak baditu oso ekarpen interesgarriak eta korronte asko izan dira, ados gaude estalinismoa okerrena izan zela eta hori aipatu izan banu isilduko nintzatekeen, baina komunismo konsejista totalitarismotzat sailkatzea ere…

Eranskin fotografikoaz esangon dugu hautatu dituzten argazkiak ongi egon badaitezke ere, hobeto zain zitezkeela argitaratzeko orduan askoz hobeto ikus daitezen.

Edonola ere, interesa duen liburua da, pazientziarekin hartuz, noski.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: