AbainGoardia











{2011/12/18}   La sombra de Axular y otros relatos

La sombra de Axular y otros relatos

Marc Légasse

ISBN 978-84-7148-524-3

144 orrialde

2011ko azaroa

Txertoa

 

Marc Légasse erreferente bat da euskal abertzaletasunaren munduan, bereziki ikuspegi hertsitik aritzen ez garenontzat. Anarkista eta euskalduna, bi sentimenak bateratu nahi izan zituen eta horregatik ez zuen inkoherente ikusten, zenbaitetan hautagai aurkeztu izana Ipar Euskal Herriko eskubideak aldarrikatzeko, ezta Iparraldeko hiru probintzientzako lehen Autonomia proiektua aurkeztu izana Frantziako Kongresuan Jean Etcheverry-Ainchart diputatu demokristauaren babespean. Bere militantziak eraman zuen faxismoaren aurka borrokatzea eta, era berean, faxistak garaitu zituen Frantzia berriaren aurrean desagertzen zen herriaren egoera salatu eta kartzelan amaitzea subertsioagatik. Ihesean zen Eusko Jaurlaritzari babesa eman bere etxean eta hura salatu autonomi proiektua arbuiatzen dutenean Francoren aurkako frontea sortu nahian, haienganako konfiantza galdu (baina bere etxean ongi etorria ematen segituko du) eta urteak itxaron beharko ditu iheslari belaunaldi berri bat topatu eta babesa emateko. ETA erakundearen militante iheslariak dira, eta hauek babestuko ditu bere heriotza heldu arte.

Militante eredugarriaren atzean testu anitz geratu dira, bere biziaren itzal luzearen babesean (ongi ateratzen dut itzalaren kontua). Bere obrarik ezagunena, ezbairik gabe, Gastibeltzaren karabinak dira, baina baditu beste asko esan bezala, aipa ditzakegu Likiniano Elkarteak orain hamabost urte berrargitaratu zuen Euskal anarkista baten mintzoa edo Jakue Pascual soziologo militantearekin idatzi eta, hogeita bost urte berantago, Txalaparta argitaletxeak berrargitaratu duen Anarkherria, aurrekoaren berrikuspentzat hartzen dutena askok.

Txertoa argitaletxeak, Légassen azken hogei urteetan bere konfiantza izan zuen etxe berak, hain ezagunak, edo hein batean ahaztuak geratu ziren lau ipuin bildu ditu obra honetan, non aurkituko dugun lehen gauza da Marcen seme txiki Pericoren testu hunkigarria bere aita zenaren bizi militantea aurkezten.

Liburuari izenburua ematen dion La sombra de Axular ipuinak du irekitzeko ohorea, 1944an Italian nazien kontra borrokan hil zen bere anai Jacques Xantirekin idatzia eta urte berean argitaratua. Ipuinak Pedro Aguerre apaizaren istorioa dakarkigu, Axular bezala ezagun eta Gero, euskarazko lehen maisulanetakoa denaren idazlea. Haren inguruan den kondairatik abiatzen da, zeinak dioen apaiz eta teologo ona izateko, erlijioa irakas zezakeen maisurik onenarengana zuzendu zela gipuzkoar eta iruindar batekin. Irakasle hura Deabrua zen. Irakatsi beharrekoak irakatsita, bere prezioa eskatu zuen: norbait harekin geratu behar zen. Ikarak hartua ihes egin zuen gipuzkoarrak aurrena. Iruindarrak jarraitu zuen, eta ziurtatzeko, Axular bota zuen lurrera. Axular, zurbil, altxatu eta bere itzala seinalatuz esan zuen: “Har ezazu bera”. Eta Deabruak Axularren itzala onartu zuen, pentsatuz inork ez zuela itzalik gabeko apaizik nahi, baina Saran, non kontrabandoetara ohituak diren, ez dute harritua hartzen itzalik gabeko beren apaizagatik. Ipuinak Axularren biografia egin eta kontatzen digu nola, hiltzean, Jainkoari eskatzen dion bere itzala askatu dezan infernutik. Honek onartuko du, baina bizidunen artean utzi eta Euskal Herriaren borrokak eta seme-alabak babestu eta animatuko ditu.

Bigarrena El poeta que perdió su corona dugu, 1950ekoa. Hau da lauren artean ezagutzen nuena aurretik, Txertoak berak argitaratu baitzuen Itxaro Borda idazleak egindako euskarazko moldapen eder batekin. Honakoa antzerki pieza bat bezala aurkezten zaigu, zeinean Vianako printzea den protagonista, Nafarroako Erresumaren errege izan behar zena bere ama hil ondoren, baina haren aitak onartzen ez duena. Beaumondarren eta Agramondarren arteko borroketan giroturiko maitasun eta askatasun deiadarra, emozio gehiago sortu zidan euskaraz irakurri nuenekoan.

Hirugarrena Santxo Azkarra dugu (1955), zeinak Orreagan lurperaturiko errege nafar ospetsuaren biografia bat egiten duen, kontatuz Granadako erresuma musulmandarran izan zenekoan maitasunaren bila, artean Aragoi eta Gaztelako koroek Nafarroa beren artean banatzen zuten artean. Promesa baten medio Granadako emirra laguntzen arituko da bere lurraldea galtzen duen artean eta, urteen ondoren, bere herria banatu duten berak laguntza eske etorriko zaizkio Granadako emirraren kontra borrokatzeko Navas de Tolosako bataila ospetsuan.

Azken ipuina El rey, el príncipe y la flauta dugu (1956), La sombra de Axularekin batera, ene ustez, erakargarrien eta bere izpiritu libertarioa gehiago erakusten duena. Fabula bat bezala aurkeztua, irla batetako erresuma aurkezten du, non errege aita hiltzean bere koroa eta txirula bi semeen artean banatzen dituen. Bata errege izango da eta musikari bestea, baina ezingo da posible izan agindu txirularik gabe. Errege berria laster aspertuko da bere biziaz eta abenturen bila joanen da bere anaia utziz agintean. Hark gauzak iraultzen saiatuko da, gobernu berria jarriz, baina dena ez doa ongi, txiroak zirenak aberats egiten saiatzen da gobernua eta aberatsak izutu eta printzea erailtzen saiatuko dira. Honek azkenik gobernua bota eta ez du beste inor jarriko manatzen. Baina bera ere aspertu eta joango da, herria utziz subirano bakartzat… eta aginte txirula haiei utziz.

Entretenigarriak, hunkigarriak ere batzuk, ziztu batean irakurriko dituzu euskal anarkista honen mintzo hauek irribarre gozo batekin ahoan.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: