AbainGoardia











{2011/12/31}   Norte Apache “Quilombo”

Norte Apache “Quilombo”

CD, 2011

Musikherria

 

2011 amaitzen da. Niretzat ia erabatekoa izan den annus horribilis pasatzen ari da eta itxaron dezakedan gauza bakarra da gauzak aldatzea hemendik aurrera. Baina dena ez da ere atsekabea. Musikalki gure euskal lurraldeek proposamen dotoreak aurkeztu dizkigute, gogoan dut zein atseginez izan nuen Izateren disko berriaren berri. Willis Drummondek Istante bikain batzuk utzi dizkigute, 2011ko onenen artean uzten dituztenak eta oraindik zain izan beharko dugu ea Lisabök erabakitzen duen beren disko berria berriro kaleratu fite (Durangoko Azokarako irten zen, baina inprimategiko lanarekin pozik ez eta berriz egin dezaten eskatu dute, hortik diskoa dendetan ez izatea; biniloarentzat Otsaila arte itxaron beharko dugu) urteko disko bezala izenda daitekeenetz.

Baina badira beste disko oso on batzuk entzunagoak izango balira, (euskal) radioformuletako zabor toneladen beharrean, merezi duten onespena jasoko luketenak. Eta horien tartean aipatu beharrezkoak dira euskal rapari arnas freskoa eman dion belaunaldi berria, non aipatu behar diren, beste askoren artean, FDLN eta, bereziki, 121 Krew eta Norte Apache.

Norte Apachek ez du diskografikoki denbora asko, hiru urte besterik ez, baina aurretik beren ibilbidea izan dute, eta hiru urte diskografiko hauetan disko bana kaleratu dute, aurkezpena izan zen Hesiaren beste aldean, 2010an Parisen emandako zuzenekoaren saioa (taldearen kamisetarekin oparitzen zutena), eta oraingo Quilombo.

Quilombo kriston disko puzka bat da. Punto. Horrekin amai nezake aipamena eta ez nuke ezer esaten ahantziko. Baina beharrezkoa da arrazoitzea eta jendea diskoarengana erakartzea.

Diskoak rapak behar dituen bi nahasturak egiten ditu perfektuki, ezer ahantzi gabe: oinarri erritmiko sendo eta indartsuak, in crescendo une gogoangarriak sortzen dituztenak, pausatzeko beta ematen dituzten beste hainbat erritmo; eta ahots ongi txertatuak eta hitz bikainak. Jar diezaiokedan gabezi bakarra da bi MC izanik, bakarrak duela ia erabateko presentzia, besteak, bigarren planoan baino, seigarrenean dela ematen du. Bien arteko alternantzia gehiago eskertuko litzateke. Eta horra jartzen diodan gabezi bakarra.

Hitzak bikainak dira. Ez duzu raperoen harropuzkeriarik topatuko, aurkituko duzun gauza bakarra salaketa hutsa da, “Gurea da geroa” kantuak errepresioak eta esplotazioak zanpaturiko gazteei dei baikorra egiten die, “Azal gorriak” kantuaren bitartez, indio amerikarren sufrimendua gogora ekarriz, herri zanpatuei (tartean gure euskal lurraldeak) eustera animatzen die eta diskoko kantu biribilenetakoa dugu, non Miren Amuriza bertsolariaren lehen kolaborazioa entzuten dugun, MC eta bertsolarien lotura ez hain urrunaren aldarrian, eta bere ahots gozoarekin une hipnotiko bat sortuz, oilo-ipurdia uzten duena. “Fenix” izan liteke abesti guztien artean poetikoena. “Eskaera eta eskaintza” diskoaren beste singleetako bat da, zeina dagoeneko erabili duen Info Zazpi Irratiak non eta harrera oso ona izaten ari den Rap Herria bildumaren lehen kantu bezala, eta bertan kontsumismoaren oinarriak astintzen dira. “Alza tu voz”, diskoko gaztelerazko kantu bakarra da, eta bertan Nikaragua eta latinoamerikar herrienganako elkartasuna luzatzen dute, Miren Amurizaren bigarren kolaborazio batekin. “Ilargi bakarra” beste abesti lasaia dugu, Zea Mays taldeko abeslari Aioraren ahots indartsua burmuinean sartzen diguna. “Egiaren apologia” kantua ostia txarrez hasten da, Bilboko jauntxo Iñaki Azkuna madarikatuak Kukutza Gaztetxea zenaren inguruan egindako adierazpen batekin (orain gutxi, politiko demagogo populista honek bere zaletuei zuzenduriko beste esaldi bat esan zuen: “Azken egunera arte izango naiz. Zalduneriako Zazpigarrenekoak bezala”. Nola gustatzen zaizkion zapaltzaile kolonialistekiko konparaketak, nik hemendik desiratzen diot El Alamoko gizonen patu bera), eta bertan 121 Krew taldeko Endika aurkituko dugu beste kantu handi batetan. “Nire aitaren etxea” idatzi ez duten abesti bakarra da, Gabriel Aresti handiaren izen bereko olerkiaren gainean sortutako oinarri erritmiko bikaina topatuko dugu. Eta diskoa “AHTrik ez!” kantuak ixten du (uste dut izenburua oso argia dela). Kantu honek kolaborazioen zerrenda ixten du, MAK taldeko abeslariaren parte hartzearekin.

Beharrezkoak dira arrazoi gehiago disko entzuteko behin azaldu eta entzun ahal izan duzuena entzunda? Beno, bi arrazoi gehiago emango dizkizue: diskoa erosiz gero inork ez dizue iruzurrik eginen, Berri Txarraken “Haria” diskoarekin gertatzen den bezala (oraindik ez dakienarentzat, CD edo biniloak zenbat balio duten galdetzera joatea gonbidatzen diot), Norte Apacheren disko bikain honek 5 euro besterik ez baitu balio eta. Bost euro ziztrin!!!

Bigarren arrazoi bat? Zuhurra izan eta bost euroak gastatu nahi ez badituzu, aski duzu haien web orrira joan eta disko osoa doan deskargatzea: www.norte-apache.blogspot.com

Ale, agudo, zoazte fite urteko azken aholku honi kasu egitera!



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: